Igandetik aurrera, Hernaniko Udalak ez du organikorik bilduko kuboak plastikoa jarria badu. Kronikara bidalitako prentsa oharrean, Udala gustura azaldu da Atez Atekoak herrian izan duen harrerarekin. Hala ere, azaldu dutenez, badira hobetu beharreko gauza batzuk: «akatsetako bat da organikoaren kuboan plastikoa jartzen dutela, eta horrek hondakin gehiago sortzen duela. Plastikoak arazoak sortzen ditu organikoarekin nahasten denean, guztia hondakin bilakatzen du».
Jakinarazi nahi dute organikoaren kuboa bere horretan atera behar dela «huts-hutsik». Beraz, azaldu dutenez, datorren otsailaren 13tik aurrera ez dute plastikozko poltsa duen kuborik bilduko eta ez dute kuboa egun bat baino gehiagotan zintzilikatua izatea onartuko.
Puskatutako kuboak,
bulegora eraman
Horrez gain, prentsa oharrean Udalak gogorarazi nahi izan du kubo hutsa hurrengo goizean jaso egin behar dela; eta puskatutako kuboak bulegora eman behar direla aldatzera.