Otsailaren 13an, igandean, 30 urte beteko dira Joxe Arregi torturatuta hil zutela. Hernaniko Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Kronikara bidalitako prentsa oharrean adierazi duenez, «egun honetan gogoan izango ditugu Joxe Arregi eta torturak hil dituen beste hamabi euskal herritarrak. Egun horretan torturaren aurkako mezua kalera aterako dugu berriz ere». Jakinarazi dutenez, egun horren bueltan mobilizazioak egingo dituzte Euskal Herriko bazter askotan, eta Hernaniko AAMk dei egin die hernaniarrei horietan parte hartzea.
«Torturak presente egoten jarraitzen du»
Oharrean adierazten denez, Euskal Memoriaren fundazioak jaso dituen datuen arabera, azken 50 urte hauetan 10.000 euskal herritar baina gehiago torturatu dituzte: «tortura sistematikoa dela esaten dugu, eta atzean utzi dugun urtea adibide garbia da: 2010ean 63 euskal herritar torturatu dituzte Ertzainek, Guardia Zibilek eta Espainiako Poliziek».
Oharrean, baita ere, diote Euskal Herrian aro politiko berri bat zabaltzeko lanean ari direla, eta Espainiako Gobernuak tortura erabiltzen duela hau oztopatzeko arma nagusi gisa: «ETA erakundearen aldetik etorri diren distentsio keinuen aurrean, torturaren erabilera areagotu besterik ez dute egin poliziek. Eta honek argi, helburu politiko batzuei erantzuten die. Espainiako Gobernuak tortura erabiltzeko erabaki politikoa mantentzen du».