Gizakiak urteetan ukitu ez dituen basoak, Urruzuno bailaran

Kronika - Erredakzioa 2011ko ots. 6a, 01:00

Mendiriz mendi

Hernaniko kultur eta natur ondarea zabala da. Hori ukaezina da. Hala ere, hernaniarrentzat ondare hori ezaguna den ala ez beste kontu bat da. Hernaniko Udalaren laguntzaz eta EHUko irakaslea den Joxerra Díezek gidaturik, Mendiriz-Mendi eta Aranzadi Elkarteko kideak diren Iñaki Sanz eta Ibai Olariagak hamahiru ibilbide prestatu dituzte ondare hori ezagutarazteko. Ibilbideak Hernaniko lurrak alde batetik bestera zeharkatzen dituzte. Batzuk herriko hirigunetik gertu daude, beste batzuk herriko lur-eremuen mugetan. Luzera eta zailtasun desberdinekoak dira, baina guztien ezaugarria edozein adinekoentzat aproposak direla da. Ibilbide guztietan zerbait berria aurkituko dugu eta guztiek naturaz gozatzeko aukera eskainiko digute. Ibilbide honetan Urruzuno bailara ezagutzeko aukera izango dugu.

Natur aberastasun handia
Urruzunoko ibilbideak gizakiak urteetan ukitu ez dituen baso autoktonoz osatutako eremuak ezagutzeko aukera emango digu. Ibilbidea egiterakoan Hernanitik gertu paraje basatiak oraindik badirela ohartuko gara. Bailara honetan baserri eta beste motatako eraikuntza gutxi dagoenez inguru hau osatzen duten ur-sareko erreka eta erreka-ertzak garbiak mantendu dira eta natur aberastasuna, flora eta fauna aldetik, handia da. Iturritx izeneko iturrira iristerakoan ibilbidetik atera eta atzera doan pista bostehun metro jarraituz Etzioko mairubaratzak, historiaurreko hilobiak, bisitatzeko aukera dago. Inguru hauetan ibiliz gero, bisita hau egiteko aukera ez galtzea gomendatzen da. Gaur egun konifera landaketa ugari izan arren pagoz eta haritzez osaturiko basotxoak ikusteko aukera dago. Horren lekuko Ezteizarreko pagadia dugu. Handia ez izan arren zuhaitz helduak ditu, liken mota ugariekin eta baso heldu guztiek bezala biodibertsitate handiarekin. Purga­torio errekaren iturburuan baso misto ederra sortzen dute Mospelango zokoko haritz eta pagoek, baita zoko goibel honetako errekek sortutako hezetasunaren laguntzarekin hazten diren haltzek ere. Ibilbidean Gibraltarreko mugarri ondotik pasatuko gara. XVII. mendean Urumea bailarako mendien jabetza argitzeko Hernani, Urnieta eta Donostiako udalek mugarriak ipini zituzten. Hau garai hartako mugarria da eta Donostia eta Hernaniko eremuak bereizten ditu. Hori dela eta, alde batean Donostia hiriko ´SS` ikurra agertzen da eta bestean Hernaniko lurren ikurra, ´H`.

Ibilbidearen deskribapena
Ugaldetxon, frontoiaren aurrean dagoen gurdi-bidea hartu. Ibilbidearen hasierako zatia, Ezteizarreko pagadira iritsi arte, aldapatsua da, beraz lasai hartzea komeni da. Gurdi-bideak gora egiten du. Bidean aurkituko ditugun bidegurutze guztietan gora jo behar da. Txabola baten parean dagoen ataka zeharkatu eta bideari jarraituz Pagoagatik datorren asfaltozko bidearekin egingo dugu topo. Asfaltozko bideari jarraitu. Apur bat gorago zementuzkoa bihurtzen da. Hau amaitzerakoan Igerolagoikoa lepora iritsiko gara. Bertan bi pista aurkituko ditugu. Batek gora egiten du eta besteak behera. Ezkerrekoa, gora egiten duena, hartu behar da. Itzulia eman eta gero leku honetara bueltatuko gara eta orduan hartu beharko da behera doana. Harrizko pista jarraitu behar da. Hasieran aldapatsua da, baina gero leundu egiten da eta berehala gara Bidezabaleko lepoan. Hemen animaliak ez pasatzeko tranpa kanadar bat aurkituko dugu. Tranpa pasa eta berehala pista bitan zatitzen da. Ezkerrekoa, gora doana, hartu behar da. Pistak gogor egiten du berriro gora. Hala ere malda laster amaitzen da eta Iturritx iturrira iritsi baino lehenago nahiko leuntzen da. Iturria dagoen lekuan pisten bidegurutzea dago. Poste adierazle batek ezkerrera Etzio eta eskuinera Garagartza eta Etzela adierazten du. Ezkerreko pista har­tzen badugu Etzioko mairubaratzak bisitatzeko aukera dago. Bisitatxoa oso gomendagarria da. Gainera ez dugu denbora asko galduko joan-etorriak ordu laurden bat baino gehiago ez baikaitu atzeratuko. Iturrira bueltatu eta eskuinera doan pista hartu. Berehala bidegurutze batetara iritsiko gara. Bertatik, atzean Donostialdea dugula, Urruzuno bailara osoaz gozatzeko aukera dago. Hemen hasten da Ezteizarreko pagadia. Garagartza adierazten duen poste adierazlea dagoen lekutik, basoan sartu behar da eta behera egin. Hasieran bidea zehaztu gabe dago, baina pinturekin ongi markatuta dagoenez, erraz jarrai­tzen da. Pagadia eta pinudiaren mugara iristerakoan bidezidorra zehaztu egiten da. Altuera ia galdu gabe ehiztarien postu bateraino iritsi behar da. Bertan gure eskuinean dagoen hesia zeharkatu behar dugu, ataka moduko pasagune batez lagunduta. Hesiari jarraituz, apur bat aurrerago, tontortxo batean, Gibraltarreko mugarria aurkituko dugu. Hemendik, alertzeen artean, Merkueko lepora jai­tsiko gara. Ehiztariek eginiko egurrezko mahai bat aurkituko dugu hemen, aproposa hamaiketakoa egiteko. Lepotik, nahi duenak, Merkueko gailurtxoa igo dezake. Lepora itzuli eta eskuineko hesia berriro zeharkatuz pista bat aurkituko dugu. Pista honek beherantz egiten du eta Purgatorio errekara gerturatzen gaitu. Erreka zeharkatu eta berehala ezkerreko bidea hartu behar da. Bidea lehenengo metrotan errekaren ertzetik doa,baina estutu eta bidezidor bihurtzerakoan errekatik aldendu eta maldan gora egiten du. Igoera lasai batean berehala gara berriro Igerolagoikoan. Hemendik Ugaldetxora jaitsiko gara. Horretarako aldapa behera egiten duen ezkerreko pista hartuko dugu. Berehala eskuinean jaiotzen den gurdi-bidea hartu behar da ataka bat zeharkatuz. Gurdi-bideak Urruzuno errekaraino eramango gaitu, Urmendi baserriaren azpian dagoen zementuzko zubiraino. Zubitik bailarako beste aldera pasa eta zementuzko bidetik Olazar auzora hurbilduko gara, momentu oro Urruzuno erreka, gure eskuinean, lagun dugularik. Olazar auzotik, asfaltozko bidetik berehala gara berriro Ugaldetxon.

Datu interesgarriak

 Distantzia: 9 Km.
Denbora: 3-4 ordu.
Desnibela: 450 m.
Gailurrik altuena: Merkue (477 m).
Zailtasuna: Zailtasunberezirik gabekoa.
Beharrezko materiala: mendiko material arrunta.
Mendiriz Mendik otsailaren 20an egingo da irteera hau.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!