Poligonoak, Abiadura Haundiko Trena, Urumeako Bariantea, eta tartean etxebizitzak. Akarregi auzoa orain 15 urte inguru azkenekoz ikusi zuenak oso ezberdin topatuko luke gaur egun. Aldaketak nabariak dira, eta Akarregiko auzotarrak borroka egiteaz nekatzen hasiak direla adierazi dute: «15 urte daramazkigu, eta auzoak une gogorrak bizi ditu, etsitzen hasiak gara». Urumeako bariantea zabaltzeko lanak hasi dira, eta AHTaren ibilbideko Urnieta-Hernani tramoa zehaztua dago. Honek aldaketa gehiago ekarriko ditu auzotarren egunerokoan: bide mozketak, etxeak botatzea, espropiazioak... Hernaniko Kronika Pili Alkortarekin bildu da, Ahaztutakoak Akarregiko Auzo Elkarteko buruarekin, orain arteko bizipenak eta datozenak jakiteko asmotan.
Urumeako Bariantea
bikoizteko obrak hasi dira
«Auzoak berriro jasango duen eragina eta eraldaketa izugarria izango da». Urumeako Bariantea bikoizteko lanetan hasiak dira, eta egun barianteak dituen 2 karrilak 4 karriletara pasako dituzte bi urtetan.
Egungo trazatua jarraituta bikoiztuko dute eta obra berriarekin, besteak beste, Portuko, Urumeako eta Martindegiko zubibideak eraikiko dituzte, eta AHTaren ibilbidearen gaineko pasabide bat ere eraiki beharko dute. Aipatutako auzoez gain, bariantearen obra berriaren eraginez etxe bat botako dute Akarregi auzoan, eta espropiazioak ere egingo dituzte: «Akarregin esaterako, milaka metro espropiatuko dituzte, eta bi bizitzako etxe bat (Zumai-Txoko) botako dute. Bertan bizi den familiak 110 urte daramazki auzoan bizitzen, eta etxea utzi baino hilabete lehenago abisatuko diete. Egunero begiratzen dute buzoian, eguna noiz iritsiko ote... Egoera oso gogorra eta mingarria da, baina behintzat Hernaniko Udalak hasieratik lagundu digu bai informazioa ematerako orduan eta baita Diputazioarekin negoziatzeko orduan ere», hala azaldu du Pili Alkortak.
Horrez gain, Alkortak dio arazoa ez dela hori bakarrik. Botako duten etxearen ondoan beste bat dago, momentuz, bariantearen eraginez botako ez dutena, baina bai «honen kalteak» jasango dituena, besteak beste, soinu aldetik: «Orain 7.000 kotxe pasatzen dira egunero, eta lau karriletara pasatzen dutenean 30.000 izango dira; beraz, kotxeek ateratzen duten soinua jasan ezina izango da. Orain behintzat mendiak egiten du babesa, baina gero hori ere ez dugu izango. Diputaziotik esan digute enteratu ere ez ginela egingo... orain goizeko 04:00etan soinuarekin esnatu egiten banaiz, gero imajinatu ere ez dut egin nahi».
«AHTarekin: espropiazioak, etxea botazea, tunelak, lur mugimenduak...» Auzoan eragina izango duen beste azpiegitura bat AHTarena izango da. Urnieta-Hernaniko ibilbidea guztiz zehaztu dute dagoeneko, eta hainbat izango dira Akarregin egingo diren aldaketak: lurrak espropiatuko dituzte, trena ateratzeko tunela egingo dute bertan, lursailak okupatuko dituzte sarrera berriak egiteko, eta etxe bat botako dutela ere uste dute. Azken honi buruz, Pili Alkortak dio oraindik ez dela ziurra, Urnieta-Hernaniri dagokion zatia ustez botako duten etxe horren aurrean bukatzen baita: «Ibarluze inguruan tunel barruan sartuko da trena eta Zumai Berri etxearen parean aterako da, justu autobiaren azpitik. Arazoa non dagoen? Kontua da hortxe bertan bukatzen dela orain arte argitu duten zatia, Urnieta-Hernanikoa. Hortik aurrera Hernani-Astigarragako zatia hasten da, baina oraindik zehaztu gabe dago. Kontuan izanda trena etxe parean ateratzen dela, niretzat argi dago, etxea botako dute. Baina oraindik ez digute ezer esan. Horrez gain, Hernani Urnietako obrekin hasten direnean, Zumai Berri etxetik ezingo gara irten ere egin. Alde batetik AHTaren obrak izango ditugu, bestetik beste etxea botako dute bariantearekin, beraz... ezjakintasuna baina gauza okerragorik ez dago».
«Argiarekin, arratoiekin,
trafikoarekin... arazoak»
Industria eta obra haundiek ez dute eragina okupazioan bakarrik izan. Elkarteko burua den Pili Alkortak Kronikari adierazi dionez, beste motatako arazoak ere sortu dituzte obrek, besteak beste: faroletako argiarekin arazoak dituzte, arratoiak agertu dira, eta poligonoetako kamioiek trafikoa oztopatzen dute.
Auzoko bideetako argia ez dutela pizten azaldu du Alkortak. Dioenez, poligonoek bide publikoa irentsi zuten, eta ondorioz, lehen bide publikoa zeneko argiak ez dituzte pizten: «farolak, apaintzeko jarri dituzte, eta hauek dauden bideak publikoak ez direnez, etxera pabiloi artetik, ilunpean joaten gara. Eta ordu batzuetatik aurrera... niri behintzat beldurra ere ematen dit. Argi horiek poligonoetako enpresek piztu beharko lituzkete. Udalera joan gara, eta beraien konpetentzia ez dela azaldu digute; eta arrazoia dute». Horrez gain, etxe barruko argi indarrarekin ere arazoak dituztela auzoan azaldu du Alkotak: «argia eta telefonoa noiznahi joaten dira, eta Iberdrolara deitu eta konponduko dutela erantzuten digute. Noiz? ez dugu inoiz jakiten».
Obrak eragiten ari diren lur mugimenduak medio, arratoiak ere arazoak ematen hasi dira auzoan, eta susto bat baino gehiago eman dutela ere azaldu du elkarteko buruak: «arratoi kabiak mugitu dituzte, eta auzora modu peligrosoan ere gerturatu dira. Etxe batean esaterako 3 arratoi haundi bilatu zituzten, eta txikiak dozenaka azaldu dira. Auzoko bizilagun bati esaterako ohe gainean azaldu zitzaion bat, goizaldeko 04:00etan, lo zegoela. Zerbait sentitu zuen ohe gainean, eta begiratu zuenean arratoia zela ikusi eta sutako burniarekin hil zuen. Pentsatze hutsak hotzikara ematen dit».
«Auzoak desagertzeko
bokazioa duela esan ziguten»
Auzoaren etorkizuna beltz ikusten dute Akarregiko bizilagunek. Auzoak sandwicha dirudiela azaldu diote Kronikari: «batetik bariantea eta AHTa, bestetik poligonoa eta erdian etxeak: «Jamon york-a (etxeak) geroz eta finagoa ari da bihurtzen, eta auzoaren etorkizuna ilun ikusten dugu. Zinegotzi batek orain urte batzuk esan zigun auzoak desagertzeko bokazioa zuela. Ez zaie ez auzoa, ez bizilagunak, ez ezer inporta. Etorkizuna eta aurrerapenaren izenean egiten dute».
Zumai Txoko etxea
bota egingo dute, bariantea lau karriletara pasatzeko obran. Urumeako bariantea lau karriletara pasatzeko lanak hasi berri dira, eta Hernanik hainbat eraldaketa jasango ditu. Akarregi auzoan espropiazioak, lur mugimenduak, okupazioak
eta abar egiten hasiak dira. Horrez gain, Zumai Txoko etxea ere
botako dute epe motzean. Ondorioz, auzoa utzi beharko dute bertan
110 urte bizitzen daramazkiten
bi familik.
AHTko Hernani-Astigarraga zatiaren berri ematen dutenean, Zumai Berri etxea bota egingo dutela aurreikusten dute bizilagunek.
«Etxea botako diguten jakin nahi dugu, auzoa utzi behar dugun. Zintzilik gaude, ez dakigu ezer, eta Hernani-Astigarraga zatia publiko egin arte ez digute ezer esango. Ibarluzen hasten den zubia etxe parean amaitzen da, beraz, nire ustez botako dutela garbi dago».
«Poligonoetako arduradunek ez dituzte argiak pizten».
Akarregiko betiko bide zaharra, pribatu bihurtu zen poligonoak egin zituztenean, eta bide publikoa poligono barruan sartu zuen. Ordutik poligonoetako enpresak dira argiak gauero pizteko arduradunak. Akarregiko bizilagunek azaldu dutenez, farolak jarri eta egun gutxitan bakarrik piztu zituzten. Ordutik, gauero itzalita egoten dira, eta urrutiko faroletatik iristen den argiarekin moldatu behar izaten dira. «Nik gauetan, beldurra ere pasatzen dut» dio Alkortak.