«Hitzarmen honek bilketa sistema defizitarioa mantentzea dakar, kostu ekonomiko eta sozial haundia duena hernaniarrentzat. Aukera paregabea zen kontenedoreen sistemara itzultzeko eta erakusteko, bilketa sistema edozein izanda ere, emaitza berdina izan daitekeela. Gu kontenedore bidezko bilketaren aldekoak gara. Garbiagoa eta erosoagoa da eta gastu asko aurrezten dira». Hala dio Hernaniko PSE-EE alderdiak Hernaniko Kronikara bidalitako prentsa oharrean. Idatzia, Udalaren eta San Marko Mankomunitatearen arteko hitzarmenaren harira dator. Hitzarmenaren arabera, Hernanik bilduko ditu hondakinak epaileak sententzia definitiboa eman arte. Hitzarmena astelehenean onartu zen Plenoan Gobernu Taldearen eta EBaren botoekin, eta sozialistek aurka bozkatu zuten, besteak beste.
«Ulertzen dugu, baina ez gaude ados»
«San Markoko gestoreen ikuspuntua ulertzen dugu, baina ez gaude ados. Iruditzen zaigu hitzarmen honek eragina izan dezakeela epailearen azken erabakian. Ulertzen dugu beraien jarrera, izan ere, papera, plastikoa eta pilei dagozkien 100dik gora kontenedore jarri beharko lituzkete berriro eta epaia kontrakoa balitz, 100.000 euroko gastua alperrik egina izango lukete. Eta hitzarmen honekin San Markori ez zaio garestiago aterako. Kaltetua oraingoan ere, Udaleko dirua izango da, baina ANV eta EBko jaun/andreei ez zaie inporta», diote sozialistek.
Eta honakoa gaineratu dute: «Hernaniko sozialistok ulertzen dugu Mankomunitateak nahiago izatea behin-behineko egoera honetan hitzarmen batera iritsi, baina ez gatoz bat erabakiarekin. Gure ustez aukera galdu da Hernanin hondakin bilketa normalizatzeko, Atez Atekoari muturrean emateko eta gehiago ez gastatzeko Udaletxe honi geratzen zaizkion baliabide apurrak».