Aurten, Gipuzkoako amuarrain kopurua igo egin dela jakinarazi du Diputazioko Ingurumen Sailak, «dudarik gabe, ibai gehienetan izan den ugalketa onagatik. Arrainkume kopurua haundia izan da aurten; hain zuzen, bigarren urterik onena da 1994tik jarraipena egiten denetik», azaldu dute. Diputazioak lan honekin jarraitzeko asmoa azaldu du, behar-beharrezkoa dela ikusten baitu: «gure ibaietako amuarrainen egoera ezagutzeko beharrezkoa da eta beraien onerako eta mantenurako hartu beharreko neurriak zeintzuk diren ezagutzeko ere bai». Azken urteetan amuarrain kopuruak behera egin du eta urte honetako datuak interesgarritzat jo ditu Diputazioak. Hori horrela, azterketa inter-autonomiko batean parte hartuko du beste Administrazio batzuekin batera.
Inoiz baino izoki gehiago
Gipuzkoako ibaietan denboraldi honetan kontrolatu dituzten izoki kopurua ere azpimarratzekoa dela dio Ingurumen Sailak. «Urumean inoiz baino izoki gehiago sartu dira, 226 kontrolatu dira, eta Orian 54. Azken horretan, bigarren urterik onena izan da».
Arrantza denboraldia apirilaren 3tik aurrera
Arrantza denboraldia apirilaren 3an hasiko da eta uztailaren 31ra arte luzatu. Amuarrainei dagokienean, arrantzatu daitekeen kopurua iazko berdina izango da: jardunaldi bakoitzeko 3 amuarrain pertsona bakoitzak. Neurria ere berdina: 22 eta 35 cm. Diputazioak aurreko urteetan ezarritako neurriak matenduko ditu arrantza guneei dagokienean. Arrantzatzeko lekuak ere mantendu egingo dira, hau da heriotza gabeko guneak eta gune debekatuak. Urumean hiru gunetan egin ahalko da arrantza: Lastaolako zubitik Ereñotzuko zentraleraino, Ereñotzuko presatik Bezkieta baserriraino eta hegoaldeko bariantearen zubitik behera dauden uretan.