«Zoramen hauek, maite ditugu...!»

Kronika - Erredakzioa 2011ko ots. 5a, 01:00

Momo erregearen Zingaro koadrila, 50garren urtez izango da gaur Hernanin. Pertza eta lapiko konpontzaileak, Inauteri alaiaren iragarleak, maite dituzte Hernani eta hernaniarrak, eta ez dute aldegingo herritar begiurdin ederrak bertan lagata. 21:00etatik aurrera, Elur Txori elkartetik abiatuko dira, eta lagun izango dituzte Musika Bandako 50 kideak.

Inauteriak iragartzera etorriko dira gaur kaldereroak, Hungariatik. Kriseilu, lapiko eta pertzak eskuetan, Hernaniko kaleetan barrena ibiliko dira, eta trasterik konpondu nahi duenak beraiei eman besterik ez du, pertza konpontzaileak baitira. 50 urte daramazkite kaldereroek Her­nanira etortzen. Hutsik egin gabe, Elur Txori elkartetik abiatzen da konpartsa, 21:00etan, eta kale buelta egiten dute, Elkano, Larra­mendi, Portalez kanpo, Gudarien Plaza, Kardaberaz eta Kale Nagusian barrena. Txoraturik daude kaldereroak Hernanirekin. Orain etorri, eta inauteriak bitarte bertan egongo dira, udaletxe aurrean kanpamendua jarrita. Hernaniar begiurdinak eta beltzaranak ikusi dituzte, eta haiek gabe ez omen dira herritik inora joango. Momo erre­gea dute gidari, kal­dereria ogibide, eta kan­tu­a eta festa bizimodu.

Lehen ere hernaniar asko erakarri dituzte kaldereroek. Euren jantzi, koilare, trapu eta kantak herria alaitu eta liluratzen dute, eta aurten koadrila ezagun bat lagun hartuta ibiliko dira: Musika Banda. Musika Bandak 150 urte bete ditu; kaldereroek 50 urte. Elkar zoriontzeko aprobetxatuko dute gaur bi taldeek, eta elkarrekin aterako dira, Hernaniri dioten miresmena azaltzera: «Begi urdin bat begira dago algaraz leiho batetik beste beltzaran tentatzailia, xeletan berriz bestetik... Zoramen hauek maite ditugu, bihotzen erdi-erditik ez gera joango hoiek lagata, gehiago Hernaniatik».

1961eko erregina, eta oraingoa
Erregina, pertsonaia garrantzizkoa da kaldereroen koadrilan. 1961eko erregina eta gaur egunekoa elkarren on­doan jarrita ikusi daitezke aurten kale­ratu duten liburuan.

Liburua eta DVDa kaleratu baitituzte aurten kaldereroek. Elur Txori elkarteak 50 urte daramazki kaldereroen konpartsa antolatzen. Eta urte horiek biltzen dituen liburua eta DVDa erosteko aukera jarri dute:  Oindin eta Peñan, 10 euroan. Historia txiki bat, kaldereroetako 4 kanta famatuak, eta 150 argazki inguru azaltzen dira bertan. Kalderero zaharrak eta berriak ikusgai, beraz, aurtengo bi argitalpenetan.

Argazki erakusketa Oarso kalean
Oarso kaleak ezagutzen ditu kalderero gehienak lehendik ere, konpartsa bertatik abiatzen baita urtero. Aurten, ordea, 50 urte horietako argazkiak erakusgai jarriko dira bertan. Elur Txori elkarteak antolatu du erakusketa. Lehen Biterin jarrita egon diren argazkiak, gaur kale-kalean ikusteko modua izango da, beraz.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!