GAur, Santa Ageda bezpera da, eta Hernanin, talde bat baino gehiago aterako dira kantuan, kalez kale eta etxez etxeko errondan. Ohitura Zaharrak Abesbatzak, ohiturari jarraituz eta Ohiturak gogoan, euskara ahoan lelopean, 18:15etan jarri du zita Milagrosan. Herriko txistulari eta bertsolariek ere ez dute hutsik egingo zita honetara. Horrez gain, Goiz Eguzki Abesbatza eta Kantuz Abesbatza aterako dira Santeskean. Goiz Eguzkiko kideak 16:30etan aterako dira egoitzatik eta Kantuz Abesbatzakoak 19:00etan Milagrosatik. Eta ohi bezala, Ereñotzun ere ez dute hutsik egingo. Ur Mia elkartean bilduko dira 16:00etan, 16:30etan abiatzeko.
Ohitura zaharra
Santa Ageda bezperan Euskal Herriko herri eta hirietan barrena kantari irteteko ohitura ez da gaur goizekoa. Jatorriari begiratuz gero, urteetan atzera egin behar da. Ageda, 230garren urtean jaio zen Sizilian. Zerbitzaria zen eta bere edertasunaz maiteminduta, Quintianus senadoreak berarekin ezkontzeko proposamena egin zion. Agedak, «ez» esan zion. Erantzun hura ez zen Quintianusen gustokoa izan, eta neska, gorriak eta bi ikusi ondoren hil zen.
Euskal Herrian, Santa Agedaren inguruko hamaika elezahar edo kondaira topatu daitezke. Esaterako, gaurko gauean, hurrengo udan zehar izango zen ekaitz kopurua erabakitzen zen ustea zegoen. Herri askotan Santeskean ateratzeko ohitura ez da berria, oso errotua dago, Hernanin, bezala. Ohitura zahar horri eusteko aukera ederra izango da gaur.