Kriseilu, lapiko, pertzak, burruntzali eta eltzeak konpontzeko prest izango dira kaldereroak larunbatean, eta dena behar bezala atera dadin, gaur entsaio nagusia egingo dute. Entsaioa Hernaniko Musika Bandarekin izango da, arratsaldeko 20:15etan Milagrosan.
Konpartsaren irteera, berriz, gaueko 21:00etan izango da larunbatean. Elur Txori elkartetik aterako dira jantzi, zapi eta koilare dotoreak gainean, zartain, mailu eta panderoak eskutan, inauteriak iragartzera. Musika Bandaren laguntzarekin kale buelta egin ondoren, Gudarien plazan kanpamendua jarriko dute. Ibilbidea honakoa izango da: Elur Txori elkartetik aterako dira, Elkano kalean barrena, Larramendi kalera joango dira, bertan buelta egin eta Plazan sartuko dira Portalez kanpotik. Ondoren Kardaberaz kaletik jaitsi eta Kale Nagusitik igoko dira berriz Plazara.
Aurtengoa, berezia
Larunbatean, 50garren urtez aterako dira kaldereroak Hernaniko kaleetan barrena, Elur Txori elkartearen eskutik, eta aurtengo konpartsa berezia izango da. Besteak beste, Musika Bandarekin aterako da, Bandaren 150garren urteurrena dela ere kontuan izanda.
Horrez gain, urteurrena dela eta, argazki erakusketa jarri dute Biterin eta liburua eta DVDa argitaratu dituzte 50 urte hauetan ateratako argazkiekin. Erakusketa larunbatera arte izango da ikusgai 18:00etatik 20:00etara eta liburua eta DVDa 10 euroan jarri dituzte salgai, Oindi tabernan eta Peña okindegian eta Miguel Lujanbiok ere baditu.
Liburu eta DVDaren azalean ikusi daitezke 1961eko erregina eta damaren argazkia eta egungoen argazkia. Liburuaren barruan 50 urte hauetako historia kontatzen da, pertsonaiak, argazkiak eta abestien letrekin batera. DVDa lau kapituluz osatua dago. Aurreneko bietan liburuko hainbat testu agertzen dira: lehenengoa euskeraz, eta bigarrena gazteleraz. Hirugarren kapituluan 50 urte hauetako 148 argazki daude ikusgai. Argazki bakoitzean azaltzen da zein urtetakoa den eta zein diren bertan agertzen direnak. Eta laugarren kapituluan, abesti guztiak ageri dira, bai idatziz eta baita abestuta ere. Letrak eskuratu nahi dituenak kronika.net web orrian ere eskuragarri daude.