Ekonomiari buruzko hitzaldi zikloa antolatu du Natzak hilabete honetan. Guztira hiru hitzaldi izango dira eta gaur emango du lehenengoa Ixidro Esnaola ekonomilari ezagunak. Gaur egun ekonomian zer gertatzen ari den ulertzeko azalpenak emango ditu eta dauden erremedioei buruz ere ariko da, Ekonomiaren sekretuak izeneko hitzaldian. Biterin izango da 19:30etan.
Bi liburu
Hurrengo hitzaldia otsailaren 10ean izango da. Independencia. De reivindicación histórica a necesidad económica liburuari buruz ariko da Eusebio Lasa, mahai nazionaleko kidea.
Azken hitzaldian ere liburu bat hartuko da oinarrian. Gaindegiak, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiak, liburu bat argitaratu du Euskal Herriak: Erronka sozio-ekonomikoak izenekoa eta liburuaren ondoriei buruz ariko da Imanol Esnaola. Liburuan izen haundiko 13 pertsonen iritziak bildu dira. Hitzaldia otsailaren 17an izango da.