Hernanik bilduko ditu hondakinak, juezak sententzia definitiboa eman bitarte

Kronika - Erredakzioa 2011ko urt. 31a, 01:00

Akordioa sinatu dute San Markok eta Hernanik, eta otsailaren 1ean jarriko dute martxan, juezak sententzia definitiboa eman arte. Ordurarte, Hernanik bilduko ditu hondakinak.

San Markok eta Hernanik akordio berria sinatu zuten joan den astean, Hernanin hondakinak biltzen zeinek segiko duen erabakitzeko, epaileak epe baterako suspenditu baitzuen aurreko akordioa. Zerbitzuen Batzor­deak joan den astean onartu zuen akordioa, Gobernu Taldea eta Ezker Batuaren aldeko bo­tuarekin eta oposizioko gainerako alderdien kontrakoarekin. Orain, Ple­noak erabakiko du, akordio berri hori onartu hala ez.

Hernanik segiko du biltzen,
«efikaziagatik»

San Markosek asumitu ditu konpetentziak, ontzi arinak eta papera biltzeko, juezaren sententziak hala eskatzen ziolako. Hala ere, Hernanik bilduko ditu hondakin ho­riek, «efikaziagatik». San Markok ordaindu egingo dio Herna­niri, zerbi­tzu hori egiteagatik, eta diru sarrerak ere San Mar­korentzat izango dira.
Akordio berri honek ez du esaten, konpetentziak zeinenak diren eta zeinak ez diren. Hernanik bilduko ditu hondakinak, eta hilero San Mar­kori pasako dio ordainagiria. San Markok hilero ordainduko dio Hernaniri lan hori egiteagatik.

Paperak eta ontzi arinek diru sarrerak ere izaten di­tuzte, eta diru hori San Mar­ko­­ren­tzat izango da.

Hiru­hilean behin, errebisatu egingo dira Udalaren eta San Markoren kontuak, bietako inor galtzen atera ez dadin, aldaketa honekin.
Marian Beitialarrangoitia Alkateak eta Juan Carlos Me­rino San Markoko Lehen­da­ka­riak sinatu zuten akordioa, eta otsailaren 1ean jarriko dute martxan, epaileak behin betiko esaten duen arte, zeini  dagozkion konpetentzia horiek.

«Erabaki dugunak logika guztia dauka»
Marian Beitialarrangoitiak Kronikari jakinarazi dionez, erabaki honek logika guztia dauka. «Hondakinak biltzen San Marko hasi zitekeen, baina Atez Ate bildu beharko zituen, Hernaniko Orde­nan­tzak hala esaten duelako. Hor dago koxka. Honda­kinak zeinek bildu behar dituen eztabaidatu dezakegu, baina nola bildu behar diren ez, hori, herriak berak erabakitzen duelako. Eta Her­­­na­nik erabakita dauka Atez Ate biltzea. San Mar­kok zer hasi behar zuen? Honda­kinak Atez Ate biltzen? Ez dago prestatua horretarako».  

Hamaikabat: «Merinok huts egin digu»
Hamaikabat alderdiak Kro­ni­kari jakinarazi dionez, akor­dio honek burla egiten dio juezak esandakoari, eta hernaniarrei. «Juan Carlos Merino Erren­te­ria­ko Alkateari botua eman ge­nion San Markoko lehendakari izateko, eta huts egin digu; ez guri bakarrik, baita berari botua emandako guztiei ere. San Markoko zuzendaritzarekin ez goaz inora Atez Atekoa aldatu nahi dugunok».

«Gogorarazi nahi genuke juezak suspenditu egin zuela aurreko akordioa, eta beraz, behartuta geundela Hernanin kontenedore urdinak eta ho­riak jartzera».

Iñaki Arratibel H1! alderdiko bozeramaileak dioenez, «Merino-ANV akordioak bur­la egiten dio juezaren erabakiari, eta hernaniarren gainera botatzen du horrek ekarriko duen gizarte-kostua». Herna­ni­ko PSE-EEren jarrera goraipatu du H1! alderdiak, akordioaren aurka azaldu direlako, eta gaineratu, hernaniarren esku dagoela «efikaziarik ga­beko sistema hau aldatzea». yy
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!