ohorezko sakea egin zuen Musika Bandak joan den astean Landaren, errugbi partiduan. 150 urte bete ditu izan ere, Musika Bandak, eta errugbi taldeak errekonozimendua egin zion. 1861ean sortu zuen Udalak, Hernanin diru bilketa bat eginda. Hernaniko gazteek osatutako musika bat sortzeko asmoa zuen Udalak. Fetxa hori, 1861a, hartu liteke Udal Musika Bandaren hasiera urtea. Beste banda asko ere garai hartan sortuak dira, XIX. mende erdialdean. Geroztik galdu egin dira banda haietako asko; beste asko indarrean dira; tartean, Hernanikoa.
Hernanik sortua,
hernaniarrak parte hartzaile
Herritik sortutako taldea da Musika Banda. 1861ean
hernaniarrek egindako ahaleginak jarri zion lehendabiziko nota, eta geroztik ehundaka dira, urte horietan pasa, eta bere notatxoa jarri diotenak, 55.000 eguneko pentagrama haundi horretan. 45 dira, gaur egun melodia luze horri ixildu gabe eusten diotenak.
Tilosetako ‘bailable’
famoso haiek...
Ezagutu dituenak, ezin omen ditu ahaztu Tilosetako bailableak. Agarrauan dantzatzeko aukera inork gutxik galtzen omen zuen; bikotea bilatu behar, hori bai. Bederatzi pieza, hartarako. Tartean, dantza sueltoa. Arratsalde famatu haiek alaitzen zituena: Musika Banda.
Eta Musika Bandak alaitu izan ditu Iñauteriak ere, eta San Joanak, Eguberriak, Aste Santuko prozesioak, Karmenak, pentekostesak...
Beti herriari lotua egon da Musika Banda. Festa non, musika han.
Gerraren hatzaparrak...
Gonzalez Bastida zuzendaria eta beste hainbat musikari kanporatu zituzten bandatik Gerra Zibilean. Frankismoaren zentsura ere bizitu zuten, oraindik askok gogoan duen moduan. Momenturik beltzenak haiek izan ziren bandarentzat, eta baita aurreko gerratekoak ere. Karlisten Gerratean kide asko hil ziren, eta bonba batek instrumental guztia suntsitu zuen.
11 ekitaldi; gaur lehenengoa
1861eko urte haundi hura, eta gaur egun arte pasatako 150 urteak ospatzeko, 11 ekitaldi antolatu dituzte bandako kideek. Gaurkoa dute lehendabizikoa, kaldereroetan parte hartuko baitute. Hurrengo biak ere berehalaxe dituzte: datorren ostiralean, dantzei buruzko kontzertua dute, komentario eta guztikoa. Roberto Pachecok zuzenduko du kontzertu hori. Arnas motxa hartu, eta Inauterietan dute hurrengoa, kaldereroei zorionak bueltatzeko aprobetxatuko dutena, 50 urte bete baitituzte aurten.
Omenaldiak ere badituzte, eta bandako kide esanguratsu batzuk izango dituzte gogoan: Matias Martinez eta Joaquin Ortega Canario adibidez. Beraien bi obra joko dituzte kontzertu horretan.
Banden Alardea maiatzean, beste bi banden laguntzaz; Preludioa eta San Joanak, bertso eskolarekin kontzertu berezia... edo Hernaniko beste bi abesbatzekin kontzertuak... urte guztiko egitaraua prestatu dute 2011erako.
Argazki Erakusketa eta Historia Liburua
Bandaren historia ere bilduko dute bi modutara: batetik, liburua aurkeztuko dute, Urko Apaolazak idatzitakoa. Bestetik, Argazki Erakusketa bat dute egitekoa, martxo erdialdean. Horretarako, herritarrak ari dira argazkiak uzten, eta oraindik ere badu aukera etxean argazki politen bat duenak, Torres argazki-dendan uzteko (gero bueltatuko dira).
EGITARAUA
150. URTEURRENA
OTSAILAK 5: 150 urteko ospakizuna. Kaldereroetan parte hartzea.
OTSAILAK 11: kontzertu-komentatua. Dantzen inguruko kontzertua.
INAUTERIAK: Kontzertua. Kaldereroen 50. urteurrena gogoratuko da.
MARTXOA: Argazki Erakusketa.
APIRILAK 17: Kontzertua, eta bandako kide izan direnei omenaldia.
MAIATZAK 14: Banden Alardea. Hernani, Irun eta Errenteriako Bandak.
PRELUDIOA: ekainak 18. Bandaren Oroitzapenezko pieza berria.
EKAINAK 27: San Joan Konpartsan parte hartuko du Bandak.
IRAILA: hirugarren astea. Bertso Eskolarekin kontzertua.
URRIA: lehen asteburua. Kontzertua Kantuz eta Ozenki
abesbatzekin.
SANTA ZEZILIA: Kontzertua, rock-aren inguruan.
EGUBERRIAK: Kontzertua, Ozenki abesbatzarekin batera.