XXI. mendeko ‘sorgin’ eta ‘intxixuak’

Kronika - Erredakzioa 2011ko urt. 30a, 01:00

Leire Goñi

Iñigo Royo, Enara Goi­koe­­­txea, Bixintxo eta Nahi­kari Gil Her­nanin aritzen di­ra terapia hauetako hainbat es­kaintzen. Tek­­nika eta te­ra­pia guztiak el­ka­­rren osagarri di­rela azpimarratzen du­te, bai­ta me­dikuntza ofizi­a­larekin ere. Baina medi­kun­tza alternatiboarekin bes­­te mo­du batera egiten dute lan. Mi­­na kentzeaz gain, min hori zerk sortua den jakiten saiatzen dira, eta arazo hori lan­tzen du­­te. Gor­putza dena bat de­la uler­tzen dute, eta osoki lantzen.
Bestalde, gorputzak be­rak ba­­karrik sendatzeko gai­­ta­su­na duela azpimarra­tzen dute, nahiz eta horretarako, denbora gehiago behar izan. Hala ere, nork bere osasunaren ar­du­ra du, eta gaixoaldiaren os­te­an ohi­tura berdinekin jarraituz ge­ro, etengabe gaixotuko ga­­rela gogorarazten digute; zen­­tzua­rekin jokatu behar da. Behin abi­sua ematean, gor­­pu­­tzari en­tzun egin behar diogu.

Iñigo Royo: «Gorputzari oreka ematea, berreskuratzen laguntzea, da helburua»

Hainbat teknika erabiltzen ditu Iñigo Royok, beti ere, gaixoaren beharretara egokituta. Lehenik eta behin gaixoari galdeketa egiten dio, zertara etorri den jakiteko. «Batzuk mina kendu besterik ez dute nahi; beste batzuk gehiago irekitzen dira eta beste terapia batzuk proposatzen dizkiet». Royok loturak egiten dituela dio, «gorputza bere osotasunean» ikusten duela, «minaren jatorria aurkitzeko; mina bakarrik sendatuta motz» geratuko li­tzatekeelako. «Minaren jatorria non dagoen ikusteko gai banaiz, gaixoari azaltzen saia­tzen naiz, eta ondoren, lagundu egiten diot. Gorputzari oreka ematea, berreskuratzen laguntzea, da helburua».

20 urte daramazki Iñigo Royok medikuntza alternatiboaren munduan, bai ikasten, bai praktikatzen. Horregatik, hainbat teknika erabiltzeko gai da, eta baita hauek konbina­tzeko gai ere. Batez ere, masajeak egiten ditu, eta horrekin lotuta, osteopatia, reflexologia, kinexologia, akupuntura, omeopatia, ajuste neurologikoa... erabiltzen ditu.

«Normalean, energetikoki egiten dut lan. Mina dagoen meridianoa zein den ikusten dut, eta ondoren, meridiano horrekin lotuta dauden organoak sendatzen, desblokea­tzen saiatzen naiz. Horretara­ko orratzak, oinak, eskuak, elikagaiak, sendabelarrak, sistema nerbiosoa... erabil ditzaket».

«Gorputzak berez senda­tzeko gaitasuna baduela» dio Iñigo Ro­yok, eta ho­rre­tarako «one­na baraua eta deskan­tsua» direla. Baina egun, denbora faltan ibiltzen gara, eta «sintomak desagertzearekin konformatzen gara, gorputzari benetan sendatzeko behar duen astia eman gabe». Hala ere, iruditzen zaio «Euskal Herrian badela terapia alternatiboetarako joera, batez ere, emakumeek arbasoengandik jasotako jakituriari eutsi diotelako».

Madrilgo Escorial Maria Cristina Unibertsitatean Natu­ropatia ikastaroa eskaintzen da, eta honek erregularizatzen lagun dezakeela aipatzen du. Gainera, COFENAT eta FENACO naturopaten elkarteak ere horretan ari dira. Hala ere, Royok argi esaten du ez dagoela medikuntza ofizialaren kontra, baizik eta osagarriak izan behar luketela. «Zentzuarekin jokatu behar da. Askotan lehenengo kirurgia beharrezkoa izaten da, baina ondoren, terapia alternatiboetarako aukera egokiagoa izan daiteke».

Enara Goikoetxea: «Nik ere nire aurreiritziak gainditu behar izan ditut; armairutik atera behar izan dut»

Kontsulta Agustindarren Pla­zan du, Iñigo Royorekin batean. Kristalogia, Shiatsua, Reikia eta Tarota eskaintzen ditu, besteak beste. Baina orokorrean, bi lan egiten dituela dio: energetikoa eta kimikoa. Hau da, emozioak eta patroi mentalak kontuan hartuta, edota kristalen elementu kimikoak erabilita, adibidez, kuar­tzoarenak, bakterio eta birusek sortutako gaixotasun batzuei aurre egiteko.

Informatika ikasten hasi, eta ikus-entzunezko ikasketak egin zituen azkenean. Egun, dokumentalak egiteko enpresa txiki bat ere badu. Duela 6-7 urte be­rriz, senitarteko bati laguntzeko Reikia ikasten hasi, eta «barruan gordeta» zuen zerbait ireki zitzaiola oroitzen du, «leherketa baten moduan». Energia kana­liza­tzeko gaitasuna denok du­gula uste du, «bai­na denek senda dezaketela esatea zaila da. Bakoitzak bere ezaugarriak ditu, eta horrela hartu behar da, mistizismo gehiagorik gabe. Nik ere nire aurreiritziak gainditu behar izan ditut, armairutik atera behar izan dut».

Ordutik ikastaroak egiten jarraitu du, eta duela hiru bat urte Noemi Rosasen metodoa ezagutu zuen. «Oso espirituala naiz, baina baita arrazionala ere. Batzuetan, Kristalogia­re­kin emaitzak lortzen dituzu, baina zientifikoki ez dakizu zergatik. Noemik nik ezagutu nahi nuen enfoke zientifiko hori eman dio».

Metodo horri jarraiki, kristalekin lan energetikoa edo kimikoa egiten du. Lehenen­goa­re­kin, gorputzeko zazpi txakra edo gune energetikoak, edota gorputzeko korronte elektrikoak, meridianoak, erabiltzen ditu. Bigarrenarekin, kristalen elementu kimikoak erabiltzen ditu. «Gorputzari galdetu egiten diot. Harriak jarrita eta eskuak gerturatuta, bibrazioak sentitzen ditut. ñ  ñ Gorputzarekin konektatzen dut». Obsidiana beltza mineralarekin adibidez, polaritate positiboa eta negatiboa eta energia beroa eta hotza erabilita, blokeo emozional eta mentalak askatu daitezke. Blokeo hori askatzeko, masaje metamorfikoa ere erabiltzen du Enara Goikoetxeak: oinbularretik hasi eta behatz lodirainoko masajearekin, alegia.

Terapia horiekin guztiekin eta Bach Loreen Esentziekin edota Tarotarekin «hobeto sen­titzen laguntzen» du, bai­na argi dio «nork bere osasunaren ardura osoa duela». Ber­ak ere, ikusten duenaren ara­bera, «beste terapeuta ba­ten­gana edota sendagilearengana bideratzen» du jendea.

«Optimista konpultsibo­tzat» du bere burua. Hala ere, kris­taloterapia, Mexikon, me­di­­kuntzaren barruan sar­tzen badute ere, zaila ikusten du horrelakorik hemen. «Ikus­men fisikotik bereiztea zaila egiten zaigu, eta horrek, sen­tsazioak, pertzepzioak mugatu dizkigu». Blogeko helbidea: http://enaragoikoetxea.blogspot.com

Bixintxo: «Gaixotasunak sendatzen ditugula esatea, asko esatea da»

Biomagnetista irakur daiteke Bixintxoren kontsultara sar­tzeko txirrinaren azpian. Ezer baino lehen ordea, argi utzi nahi du zerbait: «Gaixota­sunak sendatzen ditugula esatea, asko esatea da, eta nik ez dut esango sendatzen dudanik. Teoria bat jarraitzen dut, ez besterik».

Richard Broeringmeyer fisikariak ikertu egin zituen gizakiengan aurki daitezkeen fenomeno biomagnetikoak. Horiek oinarri hartuta, Isaac Goiz Duran fisioterapeuta mexikarrak Pare Biomagne­tikoaren Teoria plazaratu zuen 1988an.

«Zehazki teoriak horrela funtzionatzen duen ez gaude guztiz ziur. Baina imanek ezin dute kalterik egin. Gor­putzean nola jarri asmatuz gero, sendatu egin dezakete».

Kanpo magnetikoak pHa alda dezake. pH alterazioak dualak dira: azidoak edo alkalinoak izan daitezke. Horri Pare Biomagnegtikoa esaten zaio. pHaren oreka aldatu eta negatibo egiten bada, hau da, alkalinoa, gorputzaren alde hori luzatu egingo da, eta hor bakteriak eta parasitoak egongo dira. Positibora jotzen badu, azido bihurtuko da eta gorputza uzkurtu egingo da, onddo eta birusen ondorioz. «Guretzako gaixotasunen %97 pHaren aldaketen ondorio dira».

Teoriaren bigarren zatiaren arabera, patogeno bakoitza gorputzeko atal batean koka­tzen da. «Hepatitis B-ari gibela gustatzen zaio. Beren ADNrako egokia dena lortzeko atalik egokiena bila­tzen dute. Bertan mugitu egiten dira, baina etxe modukoa izaten dute, erreproduzitzen diren lekua. Guk hori trata­tzen dugu eta patogenoak desagertu egiten dira». Imanen bidez kargak mugitu eta pHa orekatu egiten dute.

Txilen izan zuen Bixintxok terapia honen berri. Amari izaten zituen min batzuk ken­tzen laguntzeko ekarri zituen imanak. «Madrilen ikastaro bat egin nuen, eta amarekin saiatu ondoren, jendea etorri egin zitzaidan. Ordutik ikasten aritu naiz buru-belarri».

Terapia hau ere «gizarte segurantzaren barruan egotea gustatuko» litzaiokeela dio Bixintxok. «Ekuadorren, Txile hegoaldean, edota Kuban onar­tua dago. Sendagile ba­tek egiten dugunaren jarraipena egitea gustatuko litzaidake, horrela teoria egiazta­tzeko». w

Nahikari Gil: «Jateko, arnasteko, pentsatzeko eta mugitzeko dugun erari erreparatu behar diogu osasuntsu mantentzeko»

Terapia Kraneosakrala es­kain­­tzen du Nahikari Gilek. Osteo­patiaren adar bat dela esan daiteke, sendagileek ere erabiltzen dutena, Quiron klinikan adibidez. Garezurraren eta sakro edo ipurtezurraren artean dagoen likido zefa­lo­rra­kideoaren mugimenduari erreparatzen dio esku sentikorren laguntzaz. Horrela, nerbio-sistemarekin egiten du lan. Likido hori mugitzen ez denean, minak azaltzen dira.

Gaixoa etzanarazi eta es­ku­ak txorkatilen inguruan jartzen ditu Nahikarik, presio txiki bat eginez. Oinen eran­tzunari erre­­­­paratuta lehen informazioa jasotzen du. Ondoren, ipur­te­zurraren eta aldaken in­gu­ruan ematen du masajea, edo­ta garezurrean. «Garezu­rre­­ko hezurrak mugi daitezke, trin­kotuta daudela uste den arren. Masa­jearekin nerbio-sistema kalte­tzen duen zerbait aska daiteke, likido zefalorrakideoak bere mugimendu egokia berreskura dezan». Azken batean, «teknika honekin, gorpu­tzak berez sendatzeko duen gaitasuna gara­tzeko baliabideak eskaini» besterik ez du egiten.

Egoera psikosomatikoak askatzen dituela dio Nahi­ka­rik. «Zelulek oroimena dute, eta min bakoitzaren atzean arrazoi emozional bat egoten da». Horregatik, gaixoaren egoera kontuan hartu behar dela azpimarratzen du. Izan ere, «osatze prozesuan krisiak egon daitezke, gorputzak toxinak askatzen baititu, eta nerbio-sistema narritatu». Helbu­ru nagusia «pertsonaren ongizatea» dela gogorarazten digu, eta horregatik, berak ere «mugak argi» dituela. «Agian ez da gaixoaren senda­tzeko momentu egokia iritsi, edo agian, ez da nik eskaintzen dudana berak behar duena. Beraz, beste norabait bidera­tzen dut». Hala ere, argi utzi nahi du ideia bat: «nor bere osasunaren arduraduna da, eta jateko, arnasteko, pentsa­tzeko eta mugitzeko dugun erari erreparatu behar diogu osasuntsu mantentzeko». Bes­te­la, terapia egiteak ez du ba­lio, minak itzuli egingo baitira.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!