Zaharren Egoitzako edifizio berria martxan jarriko du Udalak 2011n. Gobernu Taldeak presentatu dituen aurrekontuetan horri eman nahi izan diote garrantziarik haundiena. Inbertsio nagusia berriz, Sorgintxuloko urbanizazioa izango da. Marielutsetik Sorgintxulora bitartean saneamendu obrak egingo dituzte, eta oinezko bidea konpondu.
2011ko Udal Aurrekontua joan den astelehenean onartu zuen Plenoak, Alkatearen kalitatezko botuarekin. Botazioan, Gobernu Taldeak alde bozkatu zuen, Ezker Batua abstenitu egin zen, eta gainerako alderdiek (PSE-EE, EAJ, H1!, eta PP) aurka bozkatu zuten. Enpatea izan zen beraz, botazioan, eta bigarren botazioa egin zuten. Emaitza errepikatu egin zen, eta Alkateak kalitatezko botua erabili zuen, aurrekontua onartzeko.
Gastuak murriztu, zerbitzu sozialak murriztu gabe
Gobernu Taldeak egindako balorazio orokorrak dioenez, aurtengo aurrekontua krisiak baldintzatu du, beste urte batez. Horregatik, funtzionamendu gastuak jaitsi egin ditu Udalak. Zerbitzu sozialak mantendu egingo dira, Gobernu Taldearen esanetan, premiazko irizpide bezala jo dutelako aurten. Dena dela, funtzionamendu gastuak murriztu arren, aurrekontua igo egingo da, eta bi arrazoi nagusi aipatu dituzte: BEZa %18 izango da urte osoan, eta KPIa %2,9koa izango da.
Zaharren Egoitza prioritate
Gobernu Taldeak prioritate gisa jo du aurten Zaharren Egoitza. Horregatik, edifizio berria ireki egingo dute, 12 apartamendu tutelatuak martxan jarriko dituzte, eta Eguneko Zentruak 6 plaza gehiago izango ditu. Jakinekoa da, Zaharren Egoitzako edifizio berria martxan jartzea berez, Gipuzkoako Diputazioari dagokiola. Hala ere, Udalak asumituko ditu edifizioa martxan jartzeko gastuak, Diputazioak oraingoz ez duelako asmorik azaldu horretarako. Jakinekoa da, baita ere, edifizio berria izanagatik, plaza kopurua ez dela igoko Zaharren Egoitzan, eta beraz, 111 plaza izaten jarraituko du.
Plaza kopurua haundituko duena, Eguneko Zentrua da. 6 plaza gehiago izango ditu Eguneko Zentruak, eta beraz, guztira 49 lagunentzako lekua izango du.
Apartamendu tutelatuak ere atondu eta martxan jarri nahi ditu Udalak. 12 apartamendu dira guztira.
Inbertsio nagusia, Sorgintxulo
Inbertsioetarako, 996.042 euro izango dira aurten. Horietatik, 150.000 euro Sorgintxulora bideratuko dira. Sorgintxulo eta Marieluts bitartean obrak egiten ari dira azken urteetan. Tarte horretan saneamendua berritu beharra dago, eta oinezko bidea ere txukuntzeko dago. Obrak bukatzen direnean, beraz, bi lan horiek egingo ditu Udalak.
Urte guztiko ‘nobedadeak’, Atez Atekoa eta Ereñotzuko Auzo Udala
Atez Atekoa urte guztian izango da aurten Hernanin. 1.823.597 euroko gastua izango du Hernanik hondakinen kudeaketan, 2011n, eta hori da Gobernu Taldearen beste prioritateetako bat.
Ereñotzuko Auzo Udalak ere aurten ekingo dio bere bideari. Maiatzeko hauteskundeen ondoren izango da martxan, seguruenera, eta horretara Udalak diru kopuru jakin bat bideratuko du, aldatu egin litekeena, segun eta martxan noiz jartzen den. Berez, aurrekontu osoaren arabera, 316.263 euro dagozkio Auzo Udalari, baina urte erditik aurrera izango denez martxan, gutxiago tokatuko zaio.
Kirol patronatua, kirol sail
2010ean desegin egin zuen Udalak Kirol Patronatua, eta beraz, Udalaren azpisail izatera pasako da. Hemendik aurrera, Zerbitzu Publikoen barruan egongo da, eta 2.128.954 euro izango ditu.
12 emendakin aurrekontuari
Aurrekontuari 12 emendakin egin dizkiote oposizioko alderdiek. Zuzenketa osoa aurkeztu dute EAJk, PSE-EEk, Hamaikabatek, eta PPk. Gainerakoak emendakin partzialak edo puntualak izan dira.
Atez Ateko hondakin bilketak jaso ditu aipamen gehien. Oposizioko alderdien esanetan, Gobernu Talde honen kapritxo bat izan delako.
EAJren iritziz, hondakinak kudeatzeko 1.400.000 nahikoak lituzke Udalak, Atez Atekoa kendu, eta bilketa 5 edo 6 kontenedorerekin eginda. H1! alderdiak adierazi duenez, Atez Atekoak 898.000 euroko defizita eragingo du, eta zerbitzu horren defizita %200 igoko da.
Horrez gain, diru kopuru haundia aurreztu zitekeela adierazi dute oposiziotik, honako partidetan: gastu juridikoetan 58.000 euro; aholkularietan 216.900 euro; Sorgintxuloko urbanizazioan 135.000 euro... PPk proposatu du Nafarroako zenbait elkarteri eta Iparraldeko zenbaiti ematen zaizkien diru laguntzak kentzea.
Kirolari inongo garrantziarik ez ematea ere egotzi diote Gobernu Taldeari, eta Kooperaziotik ematen den diru laguntzaren %25 Angel Olarani ematea ere proposatu dute.
«Ardura falta, gezurrak eta aportazio gutxi»
Marian Beitialarrangoitiak horrela definitu zituen oposizioaren emendakinak, asteleheneko Plenoan. Aholkularirik gabe Gobernatu behar al duen Udalak adierazi zuen Alkateak. Sorgintxuloko urbanizazioa egitea Udalari dagokiola adierazi zuen, eta saneamendua egitekotan, diru kopuru hori gastatu beharra dagoela. Kooperaziorako ematen den diru-laguntza Kooperazio Taldeak erabakitzen duela, eta Angel Olaranek bezala, beste askok ere merezi dutela diru-laguntza.
Atez Ateko sistema ez dela beste sistema baino askoz garestiagoa adierazi zuen Unai Erroizenea zinegotziak. 4 edukiontzirekin egingo balitz bilketa 1.491.778 euro beharko liratekeela adierazi zuen, eta horri 5garren edukiontzia erantsiz gero, aldea ez litzatekeela horrenbestekoa.
Aurrekontua
datu batzuk:
Aurrekontua:
29.579.280
Ongintza + Udala
7.686.155 + 21.893.125
Pertsonala: 11.348.295
Ondasun arrunt
eta zerbitzuak: 13.726.212
Finantza gastuak: 70.389
Trasferentzia arruntak: 1.930.701
Inbertsio errealak: 996.042
Kapital trasferentziak: 57.921
Finantza Aktiboak: 8
Finantza Pasiboak: 1.449.712
INBERTSIOAK 996.042
Ongintza 200.000
Sorgintxulo urbanizazioa 150.000
Atez Atekoa 100.000
Larrialdi-bidea txukundu 100.000
Ur-tuberia Elkano,
Izpizua eta Sandiusterri 72.000
Liburutegia-Erosketak 45.300
Hilerria-makinaria 38.000
Ikastetxeetako larrialdi
argiteria eguneratu 33.500
Kiroldegia-larrialdi irteera 22.500
Espaloietan ez irristatzeko
tratamendua 18.000
Herri bideak 15.000
Igerileku irekietako
taberna egokitu 15.000
...
SAILAK EDO BATZORDEAK
Zerbitzu orokorrak 1.732.385
Ondarea-Kontratazioa 246.186
Pertsonala 2.111.973
Ogasun eta ondarea 4.623.272
Hirigintza/ingurumena 705.301
Zerbitzu publikoak 7.075.835
Hezkuntza 2.767.665
Euskera 977.669
Kultura 1.439.000
Politika Soziala 492.195
Hernani 2020 76.000
Parte Hartzea 10.000
Kirolak 2.128.954
Anaitasuna, Italiako herri batekin
ERROMAKO 10garren Distritua, herri bat da, Erromako 20 herrietako bat. Hernanik anaitasun edo senidetze harremana izango du distritu horrekin (hermanamiento), hemendik aurrera, asteleheneko Plenoak hala erabakita. Ez da akordio ekonomikoa, akordio edo anaitasun hau egiteko arrazoiak batez ere kulturalak edo sozialak dira.
Batez ere, 9 gai, errealitate edo arlo landu nahi dituzte Erromako X. Distrituarekin.
1-Mundu Gerra. Bi herrietan oso presente dago Bigarren Mundu Gerra eta ekitaldiak egiten dira batean eta bestean. Gai hori lantzea interesgarria iruditu zaio Udalari.
2-Ikastetxeak. DBH, Batxilergo eta Lanbide Heziketan harremanak trukatu.
3-Musika. Hernaniko ikasleek hainbat bidaia egin dituzte Erromara: Musika Eskola, Kantuz abesbatza...
4-Berdintasuna. Gai hori asko lantzen dute herri horretan.
5-Gazteak. Gazteen arteko harremanak landu nahi dira.
6-Partehartzea. Gai hori asko ari dira lantzen lurralde horretan.
7-Kirola. Garai batean bezala, harremanak sortu nahi dira Hernani eta Erromako taldeen artean.
8-Kultura. Kulturak sekulako garrantzia du X. Distrituan.
9-Turismoa. Ondare kulturalari lotuta, Erromako turismo-kulturak asko erakutsi dezake.
DATU BATZUK:
Sandro Medici idazle ezaguna da bertako Alkate. 3.868,03 hektarea, 179.298 biztanle. Cinecittà zine estudio famatua bertan dago. Erromako bigarren aireportua du, merkataritza azpiegitura haundia, Capanelleko hipodromoa, eta Ondare izugarria.