datorren ikasturtean, 2011-2012an Hernanin ikasi nahi duten guztientzat aurrematrikulazio kanpaina zabalduko da astelehenean. 2 eta 16 urte bitarteko neska mutilei dago zuzendua eta Hernanin sei ikastetxe dituzte aukeran: Elizatxo, Urumea, Inmakulada, Langile, Txirrita eta Hernani Institutua. Bakoitzak aukera ezberdinak eskaintzen ditu eta guztietan otsailaren 11 bitarte izango da matrikula egiteko aukera. Hernani Institutuan esaterako, DBHko bigarren fusioa egingo da iristear den ikasturte berrian. Irailean fusionatu ziren Urumea, Elizatxo, Langile eta Institutua, eta ordutik, gradualki, bertan eskaintzen dira DBHko kurtsoak. Aurten lehenengo maila fusionatu da. Eta orain matrikulatzen diren neska mutilak izango dira fusioko bigarren fasean sartuko direnak. Hau da, egun dabiltzan ikasleak DBH 2 egitera pasako dira, eta berriak DBH 1 egiten hasiko dira. Hala, fusionatutako bi kurtso izango dira datorren ikasturtean. Horrela, pixkanaka, datozen hiru ikasturteetan DBHko 4 kurtsoak fusionatzera iritsiko dira. Hernaniko Kronika Institutuko Zuzendaria den Kontxi Urnietarekin, Maika de Vicente DBHko koordinatzailearekin eta Ana Goena ikasketa buruarekin bildu da, orain arteko balorazioa egin, eta etorkizunari buruz hitz egiteko.
«Fusioaren balorazioa, momentuz, ona da»
2010-2011 ikasturtean fusionatu ziren Hernaniko hiru ikastola eta Hernani Instituta, eta aurten aurreneko aldiz, Hernaniko 126 ikasle ikastetxe berean ari dira DBH 1 maila egiten. Kontxi Urnietak Kronikari adierazi dionez, hasi da pixkanaka fusio prozesua: «DBH 1 egiten ari diren 126 ikasle dauzkagu orain, 6 talde edo gelatan banatuta. Hiru talde langile ikastolatik etorritakoak dira: fusioa egitea onartu zenean, Lakuan hala eskatu zuten eta aurten behintzat beraien hiru talde naturalak mantentzen dira. Beste hiru taldeak Elizatxo eta Urumeako ikasleek osatzen dituzte, nahastuta. Ebaluaketa bakarra pasa da fusioko aurreneko urte honetan, eta balorazio orokor bat egiteko azkar bada ere, Kontxi Urnietak, Institutuko zuzendariak, aurrerapen bat egin dio Kronikari: «Balorazioa ona da. Fusioa martxan jartzea lan haundia izan da guretzat, eta hasiera honetan ikasleak ondo egokitzea zen gure helburu nagusienetako bat, eta ondo moldatu dira. Ikasleen inplikazioa oso ona izan da, kontuan izanda, bakoitzak esfortzua egin behar izan duela egoera berrira egokitzeko. Lan asko dago egiteko, eta horretan ari gara. Metodologia bat jarraitzen dugu, eta hori aurrera eramateko astero biltzen gara: irakasle guztiak biltzen dira, eta bertan lantzen dituzte gaiak. Mintegi bilerak ere egiten dira astero, eta baita tutoretza bilerak ere. Horiez gain, Ana Goena ikasketa burua, Maika de Vicente DBHko koordinatzailea, Javi Ezenarro tutoretzakoa eta ni ere astero biltzen gara»
«Azpiegitura da momentu honetan gehien kezkatzen gaituena»
Fusio prozesua guztiz gauzatzen denean, Hernani Institutuko eraikinean DBHko lau mailak eta Batxilergoko biak egongo lirateke, eta hori da egun duten kezka nagusieneteako bat: «eraikin berri bat egitea aurreikusita dago. Momentuz DBHko 2 maila eta Batxilergoa, nolabait, sartu ditzakegu eraikin berean, baina handik aurrera... eraikuntza berrirako zirriborroa egina dago, baina oraindik ez dago guztiz sinatuta. Eraikuntza bat ez da urtebetean egiten, eta horrek asko kezkatzen gaitu».
HERNANI INSTITUTUA
- DBH (12-16)
- Matrikulazioa: A. Iturriaga
- Telefonoa:
943 55 11 88
URUMEA IKASTOLA
- Haur Hezkuntza (2-6)
- Lehen Hezkuntza (6-12)
- Matrikulazioa: Gay Mur
eraikinean
- Ordutegia:
09:00-12:00/14:30-16:00
ELIZATXO IKASTOLA
- Haur Hezkuntza
- Lehen Hezkuntza
- Matrikulazioa:
Elizatxo, 19
- Ordutegia:
09:00-12:30/14:30-16:30
INMAKULADA
IKASTETXEA
- Haur Eskola (0-3)
- Haur Hezkuntza (3-6)
- Lehen Hezkuntza (6-12)
- Bigarren Hezkuntza
(12-16)
- Zaintza goiztiarra
08:00-09:00
- Erizain laguntzailea
- Matrikulazioa: Sandiusterri, 4
- Ordutegia:
09:00-13:00/14:00-17:00
LANGILE IKASTOLA
- 2-11 urte bitartekoentzat
- Matrikulazioa:
Laubidietan
- Ordutegia:
09:00-13:00/14:30-17:30
TXIRRITA IKASTETXEA
- 2-12 urte bitartekoentzat z Matrikulazioa:
Ereñotzun
- Ordutegia:
09:00-12:30/14:30-16:30