Greba jarraipen zabala ari da izaten Hernanin

Kronika - Erredakzioa 2011ko urt. 27a, 01:00

Erakunde publikoak, dendak, eta enpresa gehienak itxita daude goizeko aurreneko ordutik. Espainiako Gobernuak bihar onartu nahi duen pentsio erreformaren aurka gaur arratsaldean izango da manifestazioa Hernanin, 18:00etan.

Greba Orokorra deitu dute gaurko Hego Euskal Herriko bost sindikatuk, ELA, LAB, STEE/EILAS, EHNE eta HIRUk Espainiako Gobernuak bihar onartu nahi duen pentsio erreformaren aurka.


Jarraipen zabala
Hernaniko Kronikak ikusitakoaren arabera, Greba jarraipen zabala ari da izaten Hernanin. Erdigunean komertzio txiki eta taberna guztiak itxita daude goizeko aurreneko ordutik. Erakunde publikoek ere bat egin dute Grebarekin, eta Udaletxe, Liburutegi eta Kiroldegiak ez dituzte ateak zabaldu. Anbulatorioan zerbitzu minimoetan ari dira lanean. Eta baita autobus zerbitzuak ere: bai urdina eta bai gorria zerbitzu minimoak ari dira eskaintzen. Poligonoetako enpresa haundi eta tailerretan ere, jarraipena nabarmena ari da izaten. Herriko enpresa haundi gehienek bat egin dute Grebarekin, hala nola, Gureola, Ubis, AMR, Arkema, Ferronia, Loire eta Arcelor Mittalek. Hala ere, beste zenbait enpresa haundi zein txikitan ikusi liteke mugimendua, horien artean, ZikuƱagako Papeleran eta Electroquimica de Hernanin.


Manifestazioa arratsaldeko 18:00etan, Plazatik
Buruntzaldeko manifestazioa Hernanin egingo da gaur: 18:00etan abiatuko da Plazatik, Errespetatu langileon eskubideak! lemapean.


Atez Ateko hondakin bilketa, gauean
Kronikak jakin duenez, Atez Ateko zabor bilketa bere horretan egin da gaur gauean; ostegunetan egin ohi duten bezala, ontzi arinak jasoko dituzte gaur.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!