Ela, lab, stee/eilas, ehne eta hiru sindikatuek Greba Orokorra deitu dute bihar, Espainiako Gobernuak egin nahi duen pentsio erreformaren aurka. Erreforma horren aurrean honakoa azaldu dute sindikatuek: «Erretiro adina 67 urtetara luzatu nahi dute. Pentsioa izateko beharrezkoak diren kotizazio urteak haundituko dituzte eta lan merkatu prekario honetan, zatikako jardunaldiekin, aldi baterako enpleguekin eta kale gorrira botatzeko erraztasun guztiekin, praktikan ezinezkoa izango da eskatzen dituzten urte guztiak betetzea. Hortaz, gero eta jende gehiago pentsio eskubiderik gabe geldituko da. Horrez gain, arautzeko oinarria kalkulatzeko urte gehiago hartuko dituzte kontuan. Orain 15 urte hartzen badira kontuan, baliteke 20 edo 25 hartzea hemendik aurrera. Honek gure pentsioak %20 edo gehiago murriztuko lituzke. Modu horretan, pentsioen %100era iristeko, 38 edo 40 urte kotizaturik izatea nahi dute. Hala, pentsioek erosteko ahalmenari eusteko betebeharra kenduko dute».
Mobilizazioak gaur eta bihar
Hernaniko LABek jakinarazi duenez, honako mobilizazioak izango dira gaur eta bihar: gaur, kotxekarabana 10:00etan, Karabelgo gasolindegitik. Bihar: 05:00etan Zinkoenean; 11:30etan Atsegindegin, Anoetako zutabera joateko kotxekarabanan, hau da, Donostiako manifestaziora; eta 18:00etan Gudarien plazan, eskualdeko manifestaziorako.
Udaletxean, greba
Hernaniko Udalak jakinarazi duenez, ostiralean egin zuten bozketa eta greba egingo dute bihar. Autobusetan, gaur zehaztuko dute nola eragingo duen grebak. Informazioa ikusteko moduan jarriko dute eta beraien web orrietan ere bai.
Ezker Abertzaleak bat egin eta Eguzkik itzalaldia deitu
Hernaniko Ezker Abertzaleak bat egin du biharko greba deialdiarekin. Eguzki talde ekologistak ere bat egin du grebarekin, eta, bide batez, egun horretan 19:00etatik 19:30etara argiak itzaltzera dei egin du.