2011ko aurrekontua onartu du Plenoak

Kronika - Erredakzioa 2011ko urt. 25a, 01:00

Udal aurrekontuak onartu zituen atzo Plenoak, 2011 urterako. Guztira 29,5 miloi euroko aurrekontua izango du beraz, Hernanik, urte honetan. Puntu hori, eta beste 14 onartu ziren atzoko Ple­noan; tartean, taxi-orde­nan­tza edo Garbitania enpresa publikoari 49.000 euro gehiago aportatzea.


996.042 euro inbertsioetan

Pertsonalean, eta zerbitzu eta gastu arruntetan gastatuko du diru gehiena Hernanik 2011 urtean: pertsonalean 11,3 miloi euro; eta zerbitzu eta gastu arruntetan 13,7 miloi euro. Inbertsio edo obretan 996.042 euro erabiliko dira, eta horietatik 200.000 Ongintzan. Gainerakoak, tras­ferentzia arruntak, kapital trasferentziak, finantza gastuak, eta abar... Aurrekontu proposamenari 12 enmienda egin dizkiote, eta bi onartu dira. Plenoan, Alkatearen kalitatezko botuarekin onartu ziren aurrekontuak. Ezker Batua abstenitu egin zen, eta gainerako alderdiek aurka bozkatu zuten. Aurrekontu proiektua era­kusketan egongo da 15 egunetan, eta alegazioak jarri ahal izango dira.


Garbitania enpresak kapitala haundituko du

Garbitania Zero Zabor en­presa publikoak kapital so­ziala haunditu egingo du (lehen 500.000 euro ziren eta orain 600.000 euro). Beraz, Hernanik 49.000 euro gehiago jarri beharko ditu (lehen 245.000 euro ziren Hernanik ja­rritako partea; orain 294.000 euro). Izan ere, Garbitania enpresak hiru kide ditu, Hernani, Usurbil eta Oiartzun, eta Hernaniri dagokio kapitalaren %49.

Kirol Zerbitzua, Zerbitzu Publikoetara

Udal Kirol Patronatua dese­gin egin zuen Udalak 2010­ean, eta beraz, Udal Zerbitzu bat gehiago izatera pasa da. Hemendik aurrera, Zerbitzu Publikoekin batera egingo da Kirol Zerbitzua.


Hernani eta Erromako 10garren distritua, anaituak

Anaitasun (hermanamiento) bat gehiago izango du Her­nanik hemendik aurrera, Erromako 10garren distritua, hain zuzen. Hildakoei agurrak eta omenaldi zibilak egiteko ordenantza ere onartu zuen atzoko Plenoak.

Taxien ordenantza onartu du Plenoak

Taxi-ordenantza izango du Hernanik hemendik aurrera. Alegazioak jartzeko hilabeteko epea dago, eta ondoren onarpen definitiboa emango zaio. Udalak erabakiko du hemendik aurrera zenbat taxi lizentzia eman (Jaurlaritzak jarritako mugen barruan); Udalak erabakiko du, baita ere, gidariak ezintasunen bat badu edo heriotza kasuan nola jokatu; soldatapeko gidariak zein kasutan jarri daitezkeen; lizentziak nola pasa litezkeen beste baten eskuetara; ezinduentzako egokitu diren ibilgailuek zein baldintza bete behar dituzten; gidariak noiz egin diezaiokeen uko norbait eramateari; tarifak nola jarri...

Horrez gain, erabiltzaileak dituen eskubideak zehazten dira: lizentzia zenbakia eta tarifak ezagutzea; faktura jasotzea; ibilbidea aukera­tzea; ibilgailu txukun eta seguruan ibiltzea; gidariak lagunduko die mugitzeko zailtasunak dituztenei edo laguntza behar dutenei; zakur gidariarekin joateko aukera dute itxuek. Betebeharrak ere badituzte erabiltzaileek: zerbitzua ordaintzea; portaera zuzena; gidaria ez oztopatzea; arriskurik ez sortzea...

Hernaniko Kronikak zabalago hitz egingo du Plenoari buruz, asteburuan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!