«KOLORE ta zapore tanta pizgarriya, mundu guztiyarentzat aukeran jarriya, honetxen zai zegoen aspaldi herriya, hauxe da Hernaniko sagardo berriya». Bertsotan luzatu zien deia herritarrei Maialen Lujanbiok, Hernaniko Bertso Eskolako kideen laguntzarekin, sagardo berria probatu, gozatu eta txotxean parte hartzera. Hitz magikoak esan, eta bete-betea zen plaza ilada bihurtu zen, banan-banan txotx egin, eta sagardo berria probatzera. Ondoren, festa giroa zabaldu zen aizkolari, harri jasotzaile, txalapartari eta abarrekin. Aurretik egin zituzten aurkezpen lanak. Lehendabizi Marian Beitialarrangoitiak hartu zuen hitza: hernaniarrei sagardotegira joateko gonbitea luzatu zien, eta aurtengo denboraldia ondo joatea espero zuela azaldu zuen. Ondoren, egungo protagonistak jarri ziren mikro aurrean. Joanjo Uriak Hernaniko Bertso Eskolak azken 30 urtetan izan duen ibilbidea azaldu zien Plazan bildutako guztiei. Eta segidan, nola ez bertsotan, Bertso Eskolako kideek saio eder eta azkarra eskaini zieten hurbildutako guztiei. Kupelera gerturatu aurretik, Maialen Lujanbiok egurrezko oroigarria jaso zuen Asier Olaizolaren eskutik, Hernaniko sagardogileen izenean.
Txotxetik edateko aukera, apirila amaiera arte,
11 sagardotegietan
Izenak berak dioen bezala, atzokoa ez zen hasiera besterik izan. Hemendik aurrera, Hernaniko 11 sagardotegik txotxetik aritzeko aukera eskainiko dute, azken hilabeteetan egindako lanaren emaitza probatzeko aukera izango da.
Denboraldia apirilaren amaiera aldera bukatuko da, batzuk lehenago, beste batzuk beranduago. Tarteko hilabete hauetan aroma haundiko sagardoa dastatzeko aukera izango da, fruta usaina duena, ahoan asko irauten duena, eta freskagarria dena.
BERTSO ESKOLARI:
Bertsoak ez zituen orduan
bizi hain garai sendoak,
ia galduak zituen hitza,
kantua eta erroak,
esan liteke ia idatzi
zirela azken lerroak,
ta kume ahul bailitzan, betiko
irentsiko zun geroak,
baina habi hartan jaso zuen
maitasunaren beroak,
goxotasunez zaindu zun eta
zabaldu ditu hegoak
Joanjo Uria