«Normandiara sagardoa nondik iritsi zen aipatzen duen lehenengo idatzia 862 urtekoa da. Saint Wandrilleko abadia benediktarreko liburu ezkutuek diote, Euskal Herriko marinelen bitartez sartu zela Normandiara sagardoa, VI mendean». The Guardianek kaleratu zuen hori, Pomme voyage: Normandy’s Cider Route artikuluan (2009an). XII. mendean, tolarea iritsi zen Normandiara, Spaniardsek sartuta, The Guardianek dioenez. Sagardoa noizkoa eta nongoa den jakiten ez da erraza, eta teoria asko daude horri buruzkoak. Londreseko egunkari famatuak bertsio bat eman du, eta askori ez zaie gustatu. Alemanian eta Estatu Batuetan kaleratu direnak ere ez. Asturiarrek diotenez, sagardoaren lehendabiziko aipamenak Asturiasekoak dira. Kristo aurreko 40 urtean, Estrabon erromatarrak zytho delako edari bat aipatzen omen du, Asturiasen edaten zena; asturiarren ustez, sagardoa izan litekeena. Eztabaida sutsua piztu du gaiak, eta kontua argitu edo ez, begiradak behintzat Euskal Herrira begira jarri ditu, hilabete batzuetan.
Alemanen ustez,
euskaldunek sortu zuten tolarea
Ingelesek sagardoa noiz esportatu zen aipatzen dute: VIgarren mendean. Alemanek, berriz, lehenengo tolarea ere Euskal Herrian sortu zela diote: XIgarren mendean. Hessen Estatuko Sagardogile Elkarteak honakoa kaleratu zuen bere web orrian: «XIgarren mendean, euskaldunek olioaren prentsa desarroilatu egin zuten, eta hori izan zen lehendabiziko tolarea, sagardoa egiteko (‘zagardua’ diote beraiek). Sagardo hori euskal marinelek eraman ohi zuten barkuetan, eskorbuto gaitzaren kontra. Pixkanaka, Bretainian edaten hasi ziren sagardoa». Estatu Batuetan diote, sagardogintza Euskal Herritik zabaldu zela Europa iparraldera. Michigan Apple Committee izeneko organismoak, Michiganeko sagarraren alde aritzen denak, honakoa dio: «guk ‘sagardo gogorra’ deitzen diogun horren oinarriak Euskal Herrian daudela uste da. Euskaldunen teknologia hori Zeltek zabaldu zuten Europa iparraldera: Inglaterra eta Irlandara. Gero, kolonoek ekarri zuten Amerikara».
Asturiasen, beste bertsio bat
Asturiarrek diotenez, ez dute funtsik inglesek, alemanek eta estatubatuarrek esandakoek. Albiste uholdea izan zen Asturiasen polemika honi buruz, 2010eko udazkenean. Jose Maria Osorok, Asturiaseko Sagardogileen Elkarteko Presidenteak, artikulu bat idatzi zuen Asturiaseko sagardoari buruzko erreferentzia zaharrenekin. «Lehenengo erreferentzia Estrabonek egin zuen, kristo aurreko 40garren urtean. Asturiasen ‘zytho’ asko edaten genuela zioen Estrabonek, ardo gutxi geneukalako. Zytho hori izan liteke sagardoa».
Lehenengo idatziak
Hernani aipatzen du
Orain arte, euskal sagardoa edo sagastiak aipatzen zituen lehenengo idatzia, 1014 urtekoa da. Koldo Mitxelenak bildu zuen Textos Arcaicos Vascos liburuan, Nafarroako erregeak horrela dio: «honakoak ematen eta eskaintzen dizkiogu Leireko monastegiari... Hernaniko lurraldean, itsas-ertzean, Monastegi bat, San Sebastian izenekoa... bere lurrekin, sagastiekin, arrantza-guneekin, eta abar». Sagastiak, sagarra eta sagardoa oso preziatuak izan ziren. Hori garbi ikusten da garai hartako legediari begiratuta. 1587an Hernaniko Ordenantzek diote: «Ahuntz bat sagasti batean sartzen bada, jabeak 24 marabedi ordaindu beharko ditu, ahuntz bakoitzeko, eta 12 marabedi antxume bakoitzeko. Gauez sartzen badira, bikoitza».
Aymeric Picaud peregrinoak sagardoa aipatzen du 1134an
Ezaguna da Aymeric Picaud peregrinoak euskaldunei buruz idatzitakoa. Santiago bidea egiten ari zela, lurralde ilun eta basati batean sartu zen Picaud. Hizkuntza ulertezina, ohitura basatiak, baso eta mendi altuak, ogirik eta ardorik ez... Alimentu bakarrak, sagarra, sagardoa eta esnea genituen euskaldunek.
Historialariek sagarra eta sagastiak noizkoak diren ikertu nahi izan dute, sagardoa noiztik egin zitekeen argitzeko. Euskal Herriko kasuan, Barandiaranek dio, seguru asko, sagarrak izango zirela orain dela 5.000 urte inguru.
Filologoek diotenez, sagar, edo sagasti hitzak asko azaltzen dira leku izen eta abizenetan, eta horrek esan nahi du sagarra aspaldiko espeziea dela Euskal Herrian, urki, aritz, ezki, ote... bezala. La Sidra liburuan (Sendoa, 1987), 166 izen dakarzki, sagar edo sagasti erroa daukatenak: Sagarna, Sagastume, Sagastizabal, Sagardui, Sagarbe...