14 miloi litro, Gipuzkoako kupeletan

Kronika - Erredakzioa 2011ko urt. 23a, 01:00

Gipuzkoan 70 sagardotegi inguru daude, eta guztira 14 miloi sagardo litro egin dituzte aurten; horietatik, %40 inguru bertako sagarrarekin. Sagardogileak orokorrean ahalegina egiten ari dira bertako sagarra erabiltzeko, eta aur­ten Sagar­dogile Elkarteak ahalegin berezia egin du: Julen Lizeagarekin batera, ino­ren hornitzaile ez ziren sagarza­leei sagarra hartu eta sagardotegietara 12.000 kiloko lotetan eraman diete. Gainerakoan, sagarra kanpotik ekarri da, Frantziatik batipat, baina baita beste herri batzuetatik ere: Galizia, Txekia...

Sagardo naturala: alkohol gutxikoa eta freskagarria

Gipuzkoan 14 miloi litro egin dituzte aurten; aurreko urteetan bezalatsu. Aurtengo sagardoak aro­ma haundia dau­ka, fruta usaina, ahoan asko irauten du eta oso freskagarria da, adituen arabera. Zelaia sagardotegiko Oiha­na Gaincerainek dioenez, oso gustura daude aurtengo sagardoekin: «aurten sagar ona izan dugu; bodegara ere kalitatekoa eta egoera oso onean iritsi da; hori funtsezkoa da sagardo ona lortzeko. Oso gustura gaude aurtengo produktuarekin: ko­lorez garbiak dira, usain atseginekoak, fruta usaiak ditu gehien bat eta ahoan borobilak, oso ekilibratuak, gozatzeko modukoak...» Urtetik urtera aldatu egiten da sagardoa, baina badira ezaugarri batzuk, berdin man­tentzen direnak. Gipuz­koako Sagardogileen Elkar­teak dioenez, «hemengo sagar­doa na­turala da, berez sortzen zaion gasa edo karbonikoa duena, alkohol graduazio txikikoa eta freskagarria. Bestalde, Euskal Herriko sa­gardoa gorputz dezenteko sagardoa dela esan dezakegu. Hala ere, sagardotegi bakoi­tza saiatzen da bere gustuko sagardoa egiten eta batetik bestera desberdintasun haundia dago, eta baita kupel batetik bestera ere».

Sagardoak prest

Kupeletan sartu, eta bezeroak probatzen hasteko zain dira sagardoak. Jende uholderik haun­­diena oraintxe hasiko da, txotxa ireki baitute ia sagardotegi guztiek. Hala ere, kontsumo aldetik, %5 inguru eda­­ten da urtero txotxetik; gainerakoa, %95, botilan kontsumi­tzen da.

Sagardotegiak zabalik, urte guztian

Gero eta ohizkoagoa da sa­gardotegira txotx denboralditik kanpora joatea. Gipuz­koan 70 sagardotegi daude, eta ia denek irekitzen dute txotx garaian. Txotxa bukatuta irekitzen dutenak ere asko dira, ordea; gero eta gehiago. 25 sagardotegik behintzat, eskain­tzen dute zerbitzu hori Gipuzkoan. Batzuk hilabate batzuetan luzatzen dute txo­txa, eta besteek urte guztian irekitzen dute. Txotxean urte guz­­­tian edateko aukera ema­­n liteke gaur egun, hozteko sistemak bai bai­tira, eta sagardoa urte guztian ku­pelean izateko aukera ematen du horrek. Beste batzuk, botilan atera­tzen dute sagardoa denboraldiz kanpo.

Kontrol eta analitikak

Produktu guztiek araudi bat bete behar izaten dute, eta sagardo naturalak nahiko araudi estua du. Sagardogile guztiek eramaten dute be­ren produktuaren kontrola, eta baita administrazioak ere, irregularitateak ikusteko. Ana­litikak egiteko, Fraiso­roko la­bo­rategia aipatzekoa da. Orain­tsu berritu dute teknologiarik aurreratuenekin eta sagardogile eta txakolingileek bertara eraman ditzakete bai lehengaiak (sagarra) eta baita produktua ere (sagardoa). Gipuzkoako Foru Aldundiak jarri du zerbitzu hori, eta sektorerako oso mesedegarria da, Gipuzkoa­ko Sagardogileen Elkartearen iritziz.

Kalitatean, etengabeko aurrerapausoak

Urteetan aritu dira sa­gar­do­gileak kalitatean aurre­rapau­soak egiten. Adibidez, enologoak dauzkate sagardotegi gehientsuenek. Gaur egun, 4 enologo dira sektorean nahiko jarraian ari direnak, baina badira gehiago lan puntualak egiten dituztenak. Trazabilitatea ere sagardotegi guztiek daramakite, gutxi edo gehiago. Gainera, lana errazteko, trazabilitatea ordenagailuz eramateko programa informatiko bat egin berri du Sagardogileen Elkarteak, SPRIk diruz lagunduta eta PC Lanak enpresaren eskutik. Dastatze ikastaroak, txotxean lan egiten dutenentzat ikastaroa, produktua nola hobeto saldu, informatika ikastaroak... Kalitatean egin den azken pausoa, kalitate ziurtagiria izan da. Seguru asko aurten izango dira merkatuan ziurtagiria daukaten sagardoak. Bi ziurtagiri aterako dituzte: Sagardo Mahaiak aterako duen ziurtagiri pribatua, eta Eusko Label ziurtagiri publikoa Gipuz­koa­ko Sagardo­gi­leen Elkar­teak Kro­ni­kari jakinarazi dionez, mar­ka bat «garantia bat da kontsumitzailearentzat eta lan egiteko modu bat sagar­dogilearen­tzat». Zelaia sagardotegiko Oiha­na Gaincerainek ziurtagiriaren garrantzia azpimarratu du (Sa­gardo Mahaiak aterako duen marka aterako du Zelaiak): «Urte askotako lanaren emai­tza da, guretzako erronka ga­rrantzitsu bat eta sagardoaren­tzat aurrerapausoa. Eskain­tzen duguna da kalitatezko sagardo naturala, %100 naturala eta kontrolatutako garantiaz. Ho­rre­tarako sagarretik hasita bo­tilaraino kalitateari begira lan eginez». Itxasburu sagardotegiak Eusko Labela duen sagardoa egingo du, %100 bertako sa­garrarekin egina, eta Ka­litatea Fun­da­zioak ikuskatutakoa pro­­zesu guztian; hasi sagastitik eta botilara arte. Itxas­bu­run, seguru asko, datorren urtean hasiko dira ziurtagiriarekin, Antton Intxauspek Kro­ni­kari jakinarazi dionez. «Ka­litatezko produktua es­kain­tzeaz gain, bertako sagarrari, bertako produktuari bul­tzada bat emateko asmoz egin nahi dugu pauso hau. Geuk ere sagar gehiago jarriko dugu, eta bertako sagar ekoizleak animatzea espero dugu».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!