22.000 litro inguru egiten ditu Goiko Lastolak, urtero. 80 lagun inguru kabitzen dituzte, eta bertako produktua ibiltzen dute ia erabat, sagarra, intxaurrak, gazta, menbrilloa... Txotxa ireki dute, joan den ostiralean, eta prest dira jendea hartzeko, apirila bitartean.
Sagardotegi txikia, goxoa, erakargarria... aurkituko du Goiko Lastolara dijoan bezeroak. Sagardoak ondo ikusten ditu Laxaro Etxabek, «iaz baino goxoxeagoak, eta edan errezak. Oraindik beherak daude, atzera xamar datoz, baina ederrak jarriko dira».
«Txotx urte ona espero dugu»
Orain bi urte jende gutxiago ibili arren, iaz gora egin zuen txotxak eta aurten ere urte ona espero dute. «Deika hasia da jendea. Aurten denboraldi berezia izango da. Inauteriak berandu izango dira, baina iruditzen zait jendea ez dela horren zain egongo sagardotegietara bueltan hasteko». Esaten da, jende gehiena Inauterietatik Aste Santura bitartean izaten dela. Aurten berandu izango dira bi festak, baina Etxabek dio, jendeak ez diola horri begiratuko.
«Bertako produktuak;
gure politika»
Etxabek garbi dauka, bertako produktuak nahi dituztela Goiko Lastolan. Sagarra hiru lekutakoa ibiltzen dute: «etxekoa pixkat, eta gainerakoa, Txintxuanetik eta Zarauztik, arrebarenetik». Txintxuaneko intxaurrak, inguruko baserri bateko menbrilloa, etxeko urrak, Idiazabalgo gazta... Haragia ere bertakoa ibiliko lukete, baina ez omen da errez aurkitzen: «zaharraren txuletak bilatzea zail da hemen, eta kanpotik ekarri behar izaten dugu. Gainerakoa, bertakoa ibiltzen dugu».
«Botikarik gabeko sagarra»
Sagastietan produktu asko erabiltzen dela uste du Etxabek. Sagastiari, sagarrari, baserritarrari, kontsumitzaileari, denei kalte egiten die, eta horregatik, orain arte botikarik gabeko sagarra ibiltzen dute Goiko Lastolan, konbentzituak daudelako horrekin. «Ez da beti erreza izango, baina ahal dela, eta orain bezela, botikarik gabeko sagarra erabiliko dugu gurean».
«Gorputza behar du»
Sagardoa beti ezagutu izan du Etxabek etxean. «Urte guztiko edaria hori izaten genuen. Sagardo gorriztak ezagutu ditut nik, eta gorputza zeukatenak. Orain ere hori bilatzen dugu. Bestea ere asko baloratu izan da, sagardo berdeztagoak, esaterako. Lasto-kolore gorrizta hori orain gehiago ikusten da, eta guk hori bilatzen dugu. Eta gorputza daukana. Egarria kentzen duen sagardoa, zaporea daukana... Hori da guretzako nahi duguna, nahiz badakigun, hor badagoela abaniko zabal bat».
Botila, inguruan
Botilako sagardoa inguruan saltzen du Goiko Lastolak. Ondo saltzen dute; partikularrak eta elkarteak dira beren bezero, Hernani ingurukoak. Merkatu nagusia Euskal Herrian ikusten du Etxabek, eta uste du, bertan merkatua haunditzeko aukera badagoela. «Jende batek badu sagardoa edateko ohitura, baina nik uste dut oraindik badagoela jende asko, sagardoa etxean hartzen ez duena. Moduz kontsumituta, etxe bakoitzean 10 kaja sagardo edan litezke urtean. Ez litzateke media txarra».
«Kalitatea ematen ez bada, jai dago»
Krisiak nora egiten duen ikusi egin beharko dela dio Etxabek. «Guri ere eragingo digu, eta ez dakigu krisiak nora egingo duen. Dena dela, txotx denboraldia motza da, eta ez da erabat eroriko». Lehen ere urte txarrak izan ziren; orain bi urte, esaterako, edo behi eroen gaitza izan zenean... eta beti aurrera egin dute sagardotegiek. Goiko Lastolan, garbi daukate, lana ondo eginez gero, izango dutela aurrera egiteko modua. «Aldaketak egingo ditugu, baina ez kantidadean. Mantendu, eta gauzak egiten segi nahi dugu. Kalitatea eman beharra daukagu sagardotegi txikiek; bestela jai dago. Txikia baztertzea errexa da. Bolumenik ez daukanak ezin du prezioak arraskatzen ibili. Ikasi egin behar du, eta geroz eta hobeto egin behar du lana. Hori da gurea, eta horretan segi nahi dugu».