Bertso Eskolako generazio zahar eta berriak izango dira gaur Gudarien plazan, eta Maialen Lujanbioren eskutik hasiera emango diote Hernaniko txotx denboraldiari. Gaur hasi, eta apirilaren azkenera arte luzatu da denboraldia Hernanin. Hiru hilabete, sagardo probaketarako; eta jendetza, Hernaniko 11 sagardotegietan espero dutena. Festa egunak izaten dira horiek Hernanin, batez ere asteburuetan, eta Hernaniko Udalak eta sagardotegiek 9 ekitaldi prestatu dituzte, denen gozamenerako. Lehendabizikoa, otsailaren 6an.
Txotxa eta festa, gaur
Trikitilariak, txalapartariak, txaranga... musikarik ez da faltako gaur Hernanin, 11:00etatik aurrera, 14:00ak aldera arte. Idoia Etxeberria harri-jasotzailea eta Fausto Mugerza aizkolariak itxiko dute ekitaldia, 13:00etik aurrera. Aurretik, Ekitaldi nagusia izango da, 12:00etan. Txotx denboraldia irekiko du Hernaniko Bertso Eskolak, Iraulio Panttalonek. Izan ere, bertsoa eta sagardoa bat eginda joan izan dira beti, are eta gehiago Hernanin, Txabolategi, Txirrita, Pablo Zubiarrain edo Maialen Lujanbioren kabian. Gure kolejiuak sagardotegiak bota zuen bertsolari haundi batek, eta eskola horrek etenik izan ez dezan, buru belarri saiatzen dira Hernaniko Bertso Eskolako gaur egungo kideak, garai batekoak bezalaxe.
Bederatzi ekitaldi,
otsailaren 6an hasita
Hiru hilabeteko festa izaten da txotx denboraldia. Euskal Herrian, miloi bat bisitari inguru izaten dira sagardotegietan, eta gehienak txotx garaian. Horrek 500 lanpostu inguru sortzen ditu. Hernani izango da bisitari gehientsuena izaten duen herria. Horregatik, Hernaniko Udalak eta sagardotegiek 9 ekitaldi prestatu dituzte, kaleak alaitzeko gehienak, adin eta gustu guztietarako. Otsailaren 6an, haurrentzako emanaldia izango da, egitarauari hasiera emango diona: Beldurren etxean ikuskizuna egingo dute. Malabarrak, Kale Antzerkia eta kontzertua ere izango dira. Jende gehientsuena Sagar Lasterra lasterketak bilduko du, otsailaren 26an. Inauteriak ere bete-betean harrapatuko ditu denboraldiak, eta Tolarea Kofradiaren kapituluak kofrade berria izendatuko du.
Txotx Eguna - Gaur
11:00-11:45: Trikitilariak.
12:00: Ekitaldi Nagusia, Maialen Lujanbio eta Hernaniko Bertso Eskola.
12:00: Txalapartariak.
11:45-14:00: Incansables Txaranga kaleetan barrena.
13:00: Herri kirolak: Idoia Etxeberria harri-jasotzailea eta Fausto Mugerza aizkolaria, 2,40m zabaleko enborrarekin.
Txotx Denboraldia
Otsailak 6: Haurrentzako emanaldia: `Beldurren etxean´ Hipo eta Tomax-ekin. Atsegindegin. 17:00etan.
Otsailak 11: L´explorateur: malabarrak, akrobaziak,
clownak eta piroteknia kaleetan zehar. 20:00etan.
Otsailak 18: Kale Antzerkia: `Camping renove´. Trapu Zaharra taldea. 20:00etan.
Otsailak 25: `Zo zongo´
perkusio taldea. 20:00etan.
Otsailak 26: Sagar Lasterra.
Martxoak 4-8: Inauteriak.
Martxoak 20: `Tolarea´ Gipuzkoako Sagardo Naturalaren Kofradiaren XVI. Kapitulua.
Apirilak 3: Sagar Martxa
Apirilak 16: Zopilotes Txirriaus, Tilosetan, 23:00etan.