Gipuzkoan ez ezik, Euskal Herriko Elkartearteko Txapelketan argi geratu da Hernaniko neska paletariek parekorik ez dutela. Gaur finalean, bi bikote hernaniar lehiatzeaz gain, finalerdietara 4 bikote iritsi baitziren. Gaurko protagonistak Miren Goikoetxea, Maider Huizi, Eli Pagola eta Ariane Arrieta dira. Jubenil mailan, txapelketako finala jokatuko dute Gasteizen 16:00etan eta Hernaniko Kronika beraiekin bildu da finala nola ikusten duten jakiteko eta beraien armarik onenak zeintzuk diren ezagutzeko. Txikitatik palan Ariane Arrieta eta Maider Huizi Hernaniko Pala Eskolako lehenengo generaziokoak dira. Txiki-txikitan, 6 urterekin hasi ziren palan jokatzen, ondo ezagutzen dute elkar eta gaur aurrez aurre izango dira. Miren Goikoetxea eta Eli Pagola beranduxeago hasi ziren, 10 eta 11 urterekin eta beraiek ere ondo ezagutzen dute elkar. Elkarrekin entrenatzen dute laurek. Dena dela, argi utzi dute entrenamendua gauza bat dela eta partidua beste bat. Partidu zaila espero dute. Txapelak nahi eta nahi ez Hernanira etorriko diren arren, aurkaria beste talde bateko bat izango balitz bezala ikusten dutela azpimarratu dute. «Irabaztean pentsatzen dugu. Hori bai, irabazten ez badugu, poztu egingo gara besteengatik, azkenean, lagunak gara».
Bakotzaren armarik onenak
Estrategiaren berri ez diote eman Kronikari, baina aitortu dute askotan ez duela balio izaten. «Agian estrategia pentsatzen duzu, baina gero partiduan zehar aldatu egiten da. Inprobisatzen joaten zara. Pelotaren arabera ere aldatu egiten da».
Bakoitzaren armarik onenaren inguruan honakoa esan dute: «nire ezaugarrien artean indarra nabarmenduko nuke, atzera erraz botatzen dut. Airez ere ez naiz gaizki moldatzen», dio Pagolak. Arrietak ere indarra nabarmendu du. Goikoetxeak aurreko jokoa azpimarratu du eta Huizik segurtasuna eta pelota ondo arrimatzen duela, ezkerra baita. Beraz, indarra eta segurtasuna izango dira gaur, aurrez aurre.
Euskal Herriko Txapelketa irekia, datorren asteburuan
Euskal Herriko Txapelketa irekia urtarrilaren 29an hasiko da. Bertan maila haundiko talde ezberdin ugarik hartuko dute parte. Bigarren mailan, Hernanik lehen postuetan bukatzeko aukerak badituela uste dute; lehenengo mailan zailagoa ikusten dute.
Pala ikastaroa neskatxentzat
Hernanin nesken artean paleta goma modalitatea bizi-bizirik dago. Txiki, federatu eta adineko pertsonen artean, 50 bat dabiltza. Horretan asko lagundu du Pala Eskolak, hau da, 8, 9 eta 10 urteko neskatxei zuzendutako pala ikastaroak. Lehendik ere pala ikastaroak izaten baziren ere, ofizialki 2004an sortu zen Pala Eskola, Emakumea Pilotari proiektuak bultzatuta. Urtero 20 bat neska inguruk hartzen dute parte. Aurtengo denboraldia hasi berri dute eta animatzeko deia luzatu du Garbiñe Tijero arduradunak. Astearte eta ostiraletan biltzen dira. Asteartetan 16:45etatik 17:45etara Kiroldegian, eta ostiraletan 18:00etatik 19:00etara Tilosetan. Ane Lizeaga eta Irati Ugalde dira entrenatzaileak, txikitan Pala Eskolan ibiliak. Tijero laguntzen aritzen da. Tijeroren esanetan, arazoa orain, frontoia da, hainbeste jenderentzat lekurik ez baita. Mutilek ere palan gustora egingo luketela gaineratu du, baina leku faltagatik ez dela bultzatzen.