UDALAK adierazi duenez, gaur egun ezinbestekoa da hildakoen aldeko hileta edo omenaldi zibilak egiteko aukera ematea herritarrei, erlijiorik gabe bizitzea hautatu duten pertsonen omenez ospakizun duinak eta pertsonalak egin ahal izateko. Prentsa oharrean dio berari dagokiola eskaera sozial horri erantzutea, eta horregatik arautuko dituela ekitaldien baimen eta ospakizunak. Arautegiari datorren Plenoan emango zaio oniritzia, eta segidan jendeaurrean jarriko da ikusi eta alegazioak egiteko. Alegazioak egiteko hilabeteko epea izango da; eta azkenik, behin betiko onartuko da. Omenaldi edo ekitaldiak egiteko Udalak hainbat lokal bideratuko ditu: hilerriko kapera, Atsegindegi eta udaletxeko Areto Nagusia.
Eskakizunak, Alkatetzari
Hileta edo omenaldi zibilak egiteko eskaerak Udalaren Alkatetzari zuzendu behar zaizkio. Bakoitzean erabiliko den lokala zehazterako orduan, Udalak kontuan izango ditu hildakoaren senitarteko edo lagunek aukeratutako eguna edo ordutegiak, eta azaldu duenez, ordutegi horiek ez dute eragozpenik sortuko lokal horietan normalean egiten diren jardueretan. Udaletxeko Areto Nagusia aukeratzen dutenek hileta edo omenaldiak astelehenetik ostiralera egin ahalko dituzte, eta gorpua ezingo da bertara eraman, bai ordea errauts-kutxatilak; bertan eduki ahal izatea baimenduko dute. Lokalez gain, ordutegien inguruko araudia ere jarri du Udalak. Hileta edo omenaldi zibilak egiteko ordutegiak honakoak izango dira: lanegunetan, 17:00etatik 21:00etara; larunbat eta jaiegunetan 09:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara. Alkatetzari eskaera egin nahi diotenek honako datuak aurkeztu beharko dituzte: ospakizunaren baimena eskatzen duen pertsonaren izen-abizenak, helbidea, identifikazioa eta sinadura; eta hildako pertsonaren izen-abizenak. Horrez gain, eskatzaileak adierazi egin beharko du hileta edo omenaldi zibila zein egun eta ordutan egin nahiko lukeen. Baita ere, ekitaldiaren laburpena eta beharko duten materiala zehaztu beharko dute (mahaiak, aulkiak, etab) eta heriotza-ziurtagiriaren fotokopia. Udalak jakinarazi duenez, ahal duen neurrian, kontuan izango ditu eskabidean lehenetsitako egun eta ordua, betiere eskabideak aurkeztu diren ordena kontuan izanda, baina ezohiko kasuetan aldatu ahal izango da, betiere, aldez aurretik arrazoitua.