Hamabost urte pasa dira Urretxa Mikologi Elkartea sortu zenetik eta ziklo bat amaitu duela jakinarazi dute elkarteko kideek.
Dena dela, ziklo amaiera hau, behin betiko agurra izan beharrean, laister arte dela azpimarratu dute. «Betiko utzi baino, geldialdi bat egitea erabaki dugu». Eta beste era bateko jarduerekin jarraitzeko asmoa dutela jakinarazi dute: «Prestatzen ari gara, esaterako, webgune bat, sinplea bezain egokia, pixkanaka osatzen eta aberasten joango garena. Webgune horretarako lehentasunezko gaiak izango dira: prestakuntza, segurtasuna, praktika onak eta alderdi gastronomikoak, besteak beste, zaleen artean tiradizoa duten gaiak direlako».
Eta lau urteren buruan edo, berriro itzuliko direla aurreratu dute: «atsedenaldia eman nahi diegu gure basoei, eta lau urteren buruan edo, antolatuko dugu beste erakusketa bat».
Ondo egindakoa baloratzen
Ziklo amaiera honek, ondo egindakoa baloratzeko balio izan die, azaldu dutenez: «Ez da erraza hamabost urteren buruan agur esatea. Hori abiada denborak daramana! Atzo izan zela ematen du eta, dagoeneko, 15 urte joan dira. Bizipen asko izan dira Urretxa Elkartea sortu genuenetik: onak eta txarrak. Horrelako momentuetan, ordea, ondo egindakoa baloratzen duzu eta dramatismoa kentzen egindako akatsei edota lortu gabeko helburuei».
Eskerrak emateko unea ere badela gaineratu dute: «eskerrak eman nahi dizkiegu Urretxa errealitate egin duten pertsona eta lagun guztiei. Bereziki eskertu nahi dugu Hernaniko Udala, Urnietako Xixas Sarasola, Torres argazkilaria eta Santa Barbara Elkartea.
‘Katamotz’aldizkaria, kalean
Urretxa Mikologia Elkarteak Katamotz izeneko aldizkaria argitaratu ohi du eta azken alea kalean da dagoeneko. Honako gaiak lantzen dira bertan, besteak beste: Gipuzkoak jarriko duen muga perretxiko biltzeari, perretxikoek eragindako intoxikazioak, Urretxaren agurra eta perretxikoekin egindako bi errezeta: risottoa saltsa perretxiko beltzekin eta perretxikoak sagardoarekin.