Bihotzekoak emandakoan, heriotza saihestu ahal izateko, hiru desfibrilagailu jarri ditu Udalak

Kronika - Erredakzioa 2011ko urt. 20a, 01:00

Hernaniko Udalak hiru des­fibrilagailu automatiko ja­rri ditu Hernaniko bi eraikin publikotan. Desfibrilagai­luak bat-bateko heriotzak saihestu ahal izateko erabiltzen dira: norbaitek bihotzekoa izandakoan erabiltzen dira, eta bihotzekoa izan eta berehala erabiltzen badira, oso erangikorra izaten da. Udalak aparatuak duen eraginkortasunagatik erabaki du eraikin publikoetan jar­tzea. Eta baita ere jende pilaketa dagoen lekuetan jartzea gomendatu dutelako hainbat erakundek.

Momentuz, hiru aparatu
Orain arte hiru aparatu jarri ditu martxan Udalak: bi Kiroldegian daude (horietako bat gimnasioan) eta beste bat Biteri kultur etxean.
Kronikara bidalitako oharrean azaldu dutenez, desfibrilagailu automatikoak erabil­tzea erraza da, eta martxan jarri beharra tokatuz gero, edonork egin dezake, beti ere jarraibideei kasu eginda. Biho­tzekoa izan duen pertsonari bi elektrodo (pegatina modukoak dira) jarri behar zaizkio: bat eskuineko klabikulan, eta bestea ezker saihets inguruan. Makinak diagnostikoa egingo dio, eta deskarga ematea ko­meni den edo ez erabakiko du. Deskarga ematea gomendagarria dela uste badu, aparatu jarri duenak atzera egin beharko du, eta deskarga bideratu. Bitartean, larrialdi zerbitzuetara deitzea funtsezkoa da.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!