pelota jaialdi erakargarria antolatu du datorren astebururako Hernaniko Gazte Asanbladak, Hernaniko Pelota Ekartearen laguntzarekin. Hernaniko pelotari afizionatu onenak jokatuko dute jaialdian, Goñi IIa eta Koka pelotari profesional ohiek lagunduta. Urtarrilaren 29an izango da jaialdia, arratsaldeko 17:30etan kiroldegiko frontoian. Bi partidu izango dira ikusgai. Lehenengoan, Ojuel eta Gorrotxategik, Goñi IIa eta San Sebastian izango dituzte aurkari. Ojuel eta Gorrotxategi Hernaniko ordezkariak izan dira azkeneko Herri Arteko txapelketan, afizionatu mailan, eta ziur aski, maila honetako Hernaniko pelotari onenak dira. Aurrean Mikel Goñi izango dute, bere ibilbidean, kantxan zein kantxetatik kanpo, zeresan haundia eman duen pelotaria. Pelotako enpresa haundietatik kanpo geratu ondoren, oraindik jende asko erakartzen du frontoietara, berarekin ikuskizuna ziurtatua dagoelako. Bigarren partiduan Esnal eta Oiagak, Koka eta Ezeizaren aurka jokatuko dute, 5 koadroaren barruan. 41/2aren bariante berri bat da hau, eta azkenaldian hasi dira frogak egiten. Lau aurrelari hain eremu txikian sartuta, ikusgarritasun eta abiadura haundiagoa bilatzea da helburua. Esnal eta Oiagaren maila ez du inork orain deskubrituko, baina aurrean Koka bezalako aurkari batek gauzak zail jarriko dizkie garaipena lortzeko. Juantxo Koka Asegarcen aritu da urte luzez, eta horrelako distantzia txikietan oso ondo moldatzen den pelotaria da. Horren erakusgarri dira, 4 1/2ko txapelketetan izan dituen parte hartze bikainak, edo modalitate horretako Bigarren Mailako Txapelketan lortutako txapela. Pelota jaialdia baino askoz gehiago Hernaniko Gazte Asanbladak antolatutako ikuskizuna ez da pelota partiduetara mugatuko. Frontoian, giroa berotzeko, speaker bat egongo da eta Gazte Asanbladakoek antzerki txiki bat ere prestatzeko asmoa dute. Apostuak egiteko aukera ere izango dute kiroldegiko frontoira hurbiltzen direnek. Gehienez 2 euroko apostuak egin ahal izango dira bi partiduetan. Partiduak bukatu ondoren, Kontrakantxa gaztetxea ezagutzeko aukera izango dute ikusleek. Bisita horretarako merienda txiki bat antolatzeko intentzioa ere azaldu dute antolatzaileek. Gaua arte luzatuko da jaia gaztetxean. Despervicio eta BH Roja taldeek kontzertua eskainiko dute, eta ondoren DJ Rockaiet arituko da musika pintxatzen. «Jaialdiaren antolakuntzan, bai Kontrakantxa eta baita gazteak daudela nabarituko da» diote Gazte Asanbladako kideek.
«Frontoira jende asko
hurbiltzea espero dugu»
Adin guztietarako pentsatutako ikuskizuna prestatu dutela adierazi dute antolatzaileek, eta horren ondorioz, frontoira jende asko hurbiltzea espero dute: «Hernaniarrak jaialdira etortzeko nahia eta beharra dugu. Ikuskizun polita izango da, herriarentzat egina» .
Sarrerak dagoeneko salgai daude Oindi, Aralar, Garin eta Ekos tabernetan, 5 euroan. Jaialdiaren egunean bertan sarrera erosi nahi dutenek 7 euro ordaindu beharko dituzte; 14 urtez azpikoek 2 euro ordainduta ikusi ahal izango dituzte partiduak, sarrerak pelotalekuan erosita.
Hernaniko pelotariak prest, profesionalak gainditzeko
Ojuel eta Gorrotxategirekin hitz egin du Kronikak urtarrilaren 29ko jaialdiaren inguruan hitz egiteko. Biak ziur daude jaialdi bikaina eskainiko dutela, eta jende asko frontoira hurbiltzea espero dute. Gorrotxategiren ustez, «giro polita egongo da eta nire inguruan antzeman dut gu horrelako partidu batean ikusteko interesa».
Aldaketak, pelota munduan
Azkenaldian, profesional ugari rekalifikatu dira afizionatu bezela pelotako enpresek bizi duten krisiak eraginda. Eulate, Lasa, Goñi III, Capellan edo Del Rey bezala, beste hainbatek bilatu dute bere lekua afizionatuetan, udarako herrietako jaialdien esperoan.
Profesional izandakoak, afizionatu mailako gazteei lekua kentzen dieten galdetuta, bi hernaniarrek ezetz erantzuten dute. Ojuelen ustez, pelotari hauek, besteek bezala, afizionatuetan jokatzeko eskubide osoa dutela. Gorrotxategiren ustez, «maila honetako pelotariek ez digute tokia kentzen. Kontrakoa da, beraien kontra jokatzean, exigentzia maila igotzen digute, eta hori guretzat hobea da».
Biek izango dute bere maila erakusteko aukera datorren larunbatean, jaialdian parte hartuko duten pelotari hernaniar guztien moduan. Gazte Asanbladak antolatutako ikuskizunean, arrakasta ziurtatua dago, bai pelotarien kalitateagatik, eta baita herritarren pelota goseagatik ere.