Transgenikoei buruzko hitzaldia izango da ostegunean 19:30etan, Hernaniko Kontrakantxa Gaztetxean. Hitzaldia Hernaniko AHTren aurkako taldeak antolatu du, Transgenikoak: laborategiak heriotza ereiten izenburupean eta Buter-ek emango ditu azalpenak. Genetikoki Modifikatutako Organismoen arazoei, ondorioei eta arduradunei buruz arituko da.
Ezkutuko arrisku bat
Antolatzaileek azaldu dutenez, transgenikoak ezkutuko arrisku bat dira eta munduko herriak inbaditzen ari dira. «Munduko izaki guztien eboluzio prozesu naturalean kalte kontaezinak eragiten ari den inbasioa da. Inperialismo mundialaren beste adarretako bat den Bioinperialismoak, bere etapa neoliberalean, gizadia harrapatu eta erahiltzen du. Tiraniaren aurka hezkuntza eta antolakuntza herrikoiak garatzeko ezinbesteko beharrean aurkitzen gara». Gaiaren inguruan eztabaida interesgarria sortzea espero dute eta herritarrei hitzaldira animatzeko gonbitea luzatu diete.