Euskal Herriko herri ezberdinetako muslariak biltzen dituen Mus Txapelketa martxan da, beste urtebetez, eta Hernanik eta Ereñotzuk ere parte hartuko dute. Bertako ordezkariak zeintzuk izango diren erabakitzeko kanporaketak, datorren astean jokatuko dira. Hernaniko kanporaketa urtarrilaren 22an, larunbatean izango da Santa Barbara elkartean, arratsaldeko 17:30etan. Ereñotzun, berriz, urtarrilaren 21ean, ostiralean jarri dute hitzordua, 22:30etan, Ur Mia elkartean. Ordezkari horiek Gipuzkoako kanporaketa jokatuko dute ondoren.
Bikoteko, 20 euro
Baldintzei dagokienez, parte hartzeko, bikote bakoitzak 20 euro jarri beharko ditu, herri guztietan bezala eta gutxienez lau bikotek hartu beharko dute parte. Herri mailan, bertako ohitura eta jokamoldean oinarrituta jokatzeko aukera izango da, baina herrialde mailan eta nazio mailan arau berdinak erabiliko dira.
Sariei dagokienez, txapelketa nagusian sari ederrak izango dira irabazle eta jokalari onenentzat, eta Hernanin ere ez dira esku hutsik geratuko. Irabazle bikoteari arkume bat eta bi ardo botila emango zaizkio, bigarren bikoteari bi txuleta sagardoarekin, eta hirugarren bikoteari gazta eta sagardoa. Izena taberna hauetan eman behar da: Oindi, Kixkal, Aralar, Txili, Goiz Argi, Garin eta Ekos.
Ereñotzun ere sariak izango dira aurrenekoentzat, baina ez dute zehaztu oraindik, zein sari izango diren. Izena, egunean bertan eman behar da.
Parte hartzaile kopuruaren arabera, ordezkari bat
baino gehiago
Parte hartzaile kopuruaren arabera, bikote bat edo gehiago sailkatuko da Gipuzkoako kanporaketara: 4tik 11 bikote arte, bikote bakarra; 12tik 19 bikote artean, bi bikote; 20tik 27 bikote artean, hiru bikote; 28tik 35 bikote artean, lau bikote.
Behin herrialde bakoitzeko kanporaketa jokatuta, Euskal Herriko Mus Txapelketako final haundia geratuko da. Aurten, Lapurdiko Urruña herrian bilduko dira herrialde guztietako ordezkariak. Iazko txapelketan, 1.800 bikotek baino gehiagok hartu zuten parte txapelketan.
«Saririk garrantzitsuena, Euskal Herri osoko muslariek bat egitea» Txapelketako bikote irabazlearentzat honako sariak izango dira: txapelak, garaikurrak, 3.000 euro eta nazioartera bidaia bat 4 lagunentzat. Bigarren bikotearentzat: garaikurrak, 1.500 euro eta Kanariar Irletara 2 lagunentzako bidaia. Hirugarrenarentzat: 500 euro eta 4 lagunentzat asteburu pasa. Eta laugarrenarentzat: 500 euro eta AEKren eskutik euskeraz ikasteko urte osoko bi matrikula. Gainerakoentzat ere izango dira opari txikiak. Dena dela, antolatzaileen esanetan, «saririk garrantitzuena, Euskal Herri osoko ehundaka mus jokalarik bat egitea da. Gaur egun banatzera garamatzaten inertziei irabazi eta bat eginik herri gisa aritzea bera da saririk nagusiena. Txapelketa honekin guztiok irabaziko dugulakoan gaude».