Taldekako Bola Txapelketa gaur bukatuko da, Ategorrietan. Hernaniko 3 talde eta 18 bolari izango dira bertan, eta CD Hernani bigarren dijoa, Zerain baino bi brila gutxiagorekin. Elur Txori eta Ur Mia dira beste bi taldeak, eta aukera gutxiago dauzkate, CD Hernanik baino.
Bi brilatara, CD Hernani
CD Hernanik aukera ederra dauka gaur irabazteko, 233 brilarekin baitago, Zerain baino 2 brila gutxiago botata. Azkeneko aldiz 1990-1993 bitartean irabazi zuen txapelketa CD Hernanik, eta gaur aukera paregabea daukate, garai zaharrak gogoratzeko. Elur Txorik 5 aldiz jarraian irabazi zuen, 1982tik 1987ra, baina aurten zail xamarra izango du irabaztea.
Taldekako Txapelketa izaten da denboraldia hasten duena. Beste 6 txapelketa ere izaten dituzte. Horrez gain, tiraldi guztiak batuta brila gehien bota dituenak Erregularitate Txapelketa irabaziko du. Posturik onenak lortu dituenak Bolaririk Onenaren Saria.
«Hernanin nonahi zen
bolatokia»
Hernanitik 3 talde eta 18 bolari txapelketan izatea ez da harritzekoa, ohitura izugarria izan delako beti, bolan aritzeko. «Sorgintxulon bazen bolatoki bat, Akarregin bi ezagutu nituen, eta gero nonahi, Hernanin eta inguruetan behintzat. Xoxokan, Urnietako plazan...» dio, Miguel Burugainek. Horrela izango zen Euskal Herriko txoko gehienetan. Esaten da, erromatarrek ekarri eta zabaldu zutela kirol hori. Lehen askoz jende gehiago zela diote bolako beteranoek, baina oraindik bizirik da ohitura zaharra.
9 brilak 3 aldiz bakarrik erori dira, behin Hernanin
Bolariaren helburua da 9 brilak botatzea, ahal izanez gero. Baina ia ezinezkoa da hori, hemen jokatzen den modalitatean. 3 aldiz bakarrik bota dira 9 brilak. Hernaniko Klaudio Esnaola zenak bota omen zituen behin, Sorgintxuloko bolatokian, Hernaniko Txapelketan. Sei bolarekin errekorra, Urnietako Angel Olazagirrek eta Ibon Miner ereñotzuarrak daukate, 40 brila botata. Minerrek gainera, 2009an lortu zuen Bolari Onenaren Saria, Erregularitate Txapelketa... Urte batean irabazi litekeen ia guztia.
Gazteei erakusten
Azken urteetan Hernanin gazte bat baino gehiago ibili da bolan ikasten, eta bastante poliki jarriak ere badira. Ereñotzun, Arrozpide ibili zen bere garaian, eta hango gazte gehienek ba omen dakite bolari kurpila ematen; eta bolaren sekretua hor dago, esan dugunez.
2011ko Txapelketak
Taldekako Txapelketa
Bikotekako Txapelketa
Bolako Lehendakari Txapelketa
Gipuzkoako Kopa
Gipuzkoako Txapelketa
Emakume-Beterano-Jubenil eta Infantilen Txapelketa
Euskadiko Txapelketa
Tiraldiak Hernanin
Benta Berrin - martxoak 13 (Lehendakari Txapelketa)
Ereñotzun - martxoak 23
(Lehendakari Txapelketa)
Ereñotzun - maiatzak 29
(Emakume-Beterano eta
gaztetxoen Txapelketa)
Taldeak eta Bolariak
Elur Txori: Miguel Burugain, Aurelio Santos, Fermin Zuloaga, Juan Goenaga, Jose Ugalde eta Nikolas Osaba.
CD Hernani: Miguel Arrozpide, Jose Antonio Arroyo, Mikel Arroyo, Andoni Berasategi, Iban Aizpiolea eta Vixente Gerra.
Ur Mia: Antonio Miner, Ibon Miner, Leandro Miner, Aritz Zerain, Iñaki Miner eta Igor Miner.