Hernaniko boleibola ez dago bolada onenean. Mutilen taldea desagertu berri da. Zeren
ondorioz, nola izan da prozesua?
Gure gizartean maila ezberdineko kirolak daude, batzuk lehen mailakoak (hauek laguntza erraz lortzen dute) eta besteak (gehienak) bigarren mailakoak (laguntzak lortzeko arazo haundiak dituztenak); ez soilik laguntza publikoa, pribatua lortzea ere kosta egiten zaien kirolak dira. Gu tamalez azken multzo honetan kokatuak gaude. Gaur egungo krisi egoeran gehien kaltetutakoak baliabide gutxienak dituztenak dira; gauzak horrela, argi izan dugu eta argi dugu laguntzarik gabe gure bidea laburra izango dela.
Zergatik desagertu den mutilen taldea?, lehenengo eta arrazoi garrantzitsuena da, behar genuen dirua ez dugula lortu; eta bigarrena, beheko mailetan ez dugula mutilik. Azken finean mutilen edo nesken artean erabaki behar genuen, eta nesken aldeko apustua egin dugu.
Mutilen talde nagusia goi mailan jokatzera ere iritsi izan da, nola gogoratzen dituzu urte haiek?
Urte onak izan ziren kirol mailan. Talde ederra genuen, baina laguntzak, orduan ere, asko kostata lortzen genituen. Azken finean gure helburua zen, beti pobrezian baina zorrik gabe.
Beste urte batzuetan, azkenekoetan batez ere, nahiz eta igoera lortu, diru faltagatik ez da gauzatu izan. Zerbait egiterik ba al zegoen hori gertatu ez zedin?
Beti eduki dugu argi, guk dirua dugun neurrian lan egingo dugula. Inoiz ez dugu onartu diru eske joatea, gure kabuz atera dugu beti, inoiz ez gara ibili negar eginez dirua eskatzen, ez da gure estiloa.
Dirua lortzeko aukera ezberdinak daude: publikoa, pribatua, bazkideak edo lan ordainketa. Zailena beti hori lortzea izan da. Sentsazio gaziak izaten dira beti diru eskaera egiterakoan; kontuan izan behar da klubarentzako eskatzen dela, eta aurrekoak pertsona bat ikusten duela.
Argi dago Instituzioek ezin dutela behar den diru guztia jarri; honekin ez dut esan nahi banatzen den diru guztia nire iritziz ondo banatua dagoenik; ez noski. Kontuan izan behar da batzuek dirutza jasotzen dutela (orokorrean beti berdinek, enpresa pribatuak barne), eta besteek aukerarik ez daukagula onartu behar izaten dugu.
Denok dakigu Hernanin erakunde publikoek egin dutela lana kirolerako dirua lortzeko orduan. Baina beti berdinentzako izan da, edo puntualki ekintza jakin batzuetarako; beraiek jakingo dute zergatik. Denentzako lan berdina egiteko eskatu zaienean, ez dute erantzun.
Dirua pribatua denean, izenak adierazten duen bezala, bakoitzak erabakitzen du non gastatu edo nori lagundu. Gure inguruan egia da kirol asko egiten dela, baina guztiek ez dute babes bera jasotzen.
Bazkideak orokorrean jokalariak dira eta ezinbesteko laguntza da.
Diru iturriak lortzeko bideak lantzen ere ibiliak gara klubean, eta proposamenak egin ondoren erantzun xelebreak jasoak ere bagara. Adibide bezala, San Joanetan txosna bat jartzeko esan zigun kirol ardura zuen zinegotziak. Noski, gure erantzuna ezezkoa izan zen; guk kirola bultzatzen genuela esan genion, eta justu alkohola eta tabakoaren aurka egiten genuela lan urte osoan zehar. Gure jokalariei hala adierazten diegu. Beraz ezezkoa eman genuen, gure printzipioak balio handiagoa zutela erabaki genuen.
Ekintzak bultzatu eta kirola dinamizatzeko proiektuak aurkeztu genituen Kirol Patronatuan, baina oztopoak jarri dizkigute ia beti; beraz, gure proiektuak kutxan gordeta uztea erabaki genuen.
Erakunde publikoek
boleibola gainontzeko
kirolak baino gutxiago
baloratzen dutela uste al duzu? Zer dela eta?
Dudarik gabe hala da, baina ez soilik boleibola. Pare bat kirol kenduta, beste guztiak soberan gaudela dirudi, edo horrela sentitzen dugu. Batzuek laguntza guztiak dituzte, Instituzioek, telebistek eta abar, besteek ez dugu ezer merezi, beraz...
Hernanin neska-mutil asko
aritzen dira boleibolean txikitatik, baina hala ere ez zaie beste
kiroletan egiten den jarraipena egiten. Noizbait beste kirolen pare baloratzera iritsiko al da? Zertan aldatu behar da
ikuspuntua?
Zaila da beste kirol batzuekin parekatzea balorazio mailan, horretarako gizarteak prest egon behar du, eta gure gizartea urrun dago helburu hori lortzetik. Ikusi besterik ez dago, adibidez, kadete mailan kirol batzuk zenbait gurasoren babesa dute, beste batzuk ordea... Badirudi batzuek kirola bere seme alaben etorkizun edo bizitzako helburu bihurtu nahi dutela.
Nesken talde nagusia da egun Hernaniko boleibola bizirik mantentzen duena. Nola ikusten duzu hauen etorkizuna?
Nesken etorkizuna baliabide ekonomikoei lotuta dago, dirua lortzen bada, taldeak izango dira, ez bada lortzen, taldeak gutxitu egingo dira, beraz etorkizuna ez da batere argia. Hala ere, Hernanin, neskek kirolak egiteko aukera izan behar dute, eta kirolak esaten dudanean bat baino gehiago aukeratzeko esan nahi dut, hori da gizartearen kirol osasunaren adierazgarria.
Zuk urte asko daramazkizu boleiboleko presidente lanetan. Nola hasi zinen? 30 urte betetzear nago Hernanin boleibola lantzen hasi nintzenetik gaur egunera arte. Lehenengo taldeak entrenatu nituen Hernaniko Institutuan. Mabel Irazustaren laguntza izan nuen hasieran taldeak sortzeko, gero milaka neska eta mutilek egin dute boleibola. 11 talde osatu genituen urteak ere izan ziren.
Zertan aldatu da hasierako talde hura, eta gaur egun
dena?
Erabat desberdina da egoera, orduan ilusioa zen nagusi, gaur egun nekea, bidean traba gehiegi gainditu ondoren geratzen den egoera. Gizartea asko aldatu da, orduan oinarrizkoak ziren baloreak gaur aldatu egin dira, bakoitzak berea egiten du eta konpromezu eta sakrifizio maila txikiagoa da, beraz zer ikusirik ez du.
Eta etorkizunera begira, zertan ari zarete lanean?
Egiteko asko dago, nork egingo duen da kontua. Aipatu dudan bezala ia 30 urtean denetatik egin dut:
entrenatzaile, epaile, klubeko lehendakari, Gipuzkoako Federazioko lehendakari eta abar. Eta noski, laguntza izan dut alboan, asko izan dira eta dira; horregatik ez dut nahi izenik aipatu, bat edo beste ahaztuko ditudalakoan.
Pertsonalki laguntza garrantzitsuena nire emaztea eta semearena izan da, beraiek onartu dute urte hauetan boleibolari eskaini dizkiodan milaka orduak, beraientzako izan behar zuten orduak zirela kontuan izanik.
Azken urteetan Hernaniko kirol munduko giroa aldatzen doa, eta niri ere agur esateko ordua gerturatzen ari zaidala uste dut. Beraz, aitortu egin behar dut, ez dakit epea, baina argi daukat niri dagokidan lana bukatzear dagoela.