Txotx Denboraldia igandetik aurrera zabalik, Maialen Lujanbio eta Bertso Eskolaren eskutik

Kronika - Erredakzioa 2011ko urt. 18a, 01:00

iraulio Panttalone Bertso Eskolako kideek, Maialen Lujanbio buru dutela, irekiko dute 2011ko Txotx Denboraldia igandean. Txotx Eguna izango da igandekoa, eta ekitaldi ugari izango dira eguerdi partean. Goizeko 11:00etan trikitilariek girotuko dute herriko Kax­koa, eguneko ekitaldi nagusiari aurre hartuta. Segidan irekiko da denboraldi berria: eguerdiko 12:00­etan egingo dute lehenengo sagardo tragoa Lu­janbio eta Bertso Eskolako kideek. Ondoren, Plazan bildutako herritar guztiek izango dute sagardo berria nahi adina probatzeko aukera. Behin ekitaldi nagusia amaituta, festa giroa nagusi izango da Plazan: txa­lapar­tariak eta Incansables txarangak jarriko du musika, eta herri kirolen erakustaldia Idoia Etxe­berriak eta Fausto Muger­zak egingo dute: Etxe­berria ha­rri-jasotzaile lanetan ariko da, eta Mugerza aizkoran, 2,40 metro zabalerako enborrarekin.


Antzerkiak, kale ikuskizunak, Kofradiaren kapitulua...

Igandeko festa eguna sagardo denboraldiko hasiera besterik ez da izango. Azken urteetan egin duen bezala, Hernaniko Udalak ekitaldi ugari antolatu ditu Txotx Denboraldi osorako. Hasteko, antzerki eta kale ikus­kizunak ez dira faltako aurten ere: aurrenekoa otsailaren 6an izango da, Hipo eta Tomax antzezleen eskutik, Atsegin­de­gin. Otsailaren 11n malabarrak, akrobaziak eta piroteknia ikuskizunak egingo ditu L´explorateur taldeak Hernaniko kaleetan barrena. Eta astebete beranduago, kale berak izango dira Tra­pu Zaharra taldearen antzezleku: Camping renove antzezlana eskainiko dute. Denboraldi erdian, martxoaren 20an, Tolarea Gipuzkoako Sagardo Naturalaren Kofra­diaren XVIgarren kapitulua izango da. Eta aurtengo azken ekintza, ohi bezala, kontzertua izango da. Zopilotes Txirriaus taldeak eskainiko du, apirilaren 16an, Tilosetan.


Sagar Lasterra otsailean, eta Sagar Martxa, apirilean

Geroz eta indar haundiagoa duten bi ekintzak ere izango dira aurtengoan. Sagar Las­terra herri krosa otsailaren 26an izango da, bosgarren urtez. 16 urtetik gorako guztiei zuzendutako lasterketa da, zortzi kilometrokoa. Urtetik urtera geroz eta partehartzaile gehiago biltzen ditu, bai Hernanikoak eta baita inguruko herrietatik etorritakoak. Joan den urtean 243 lagunek hartu zuten parte. Sagar Martxa da beste ekin­tza nagusietako bat: geroz eta herritar gehiago animatzen dira, oinez, herriko sagardotegi eta sagastiak ikustera; ibilaldia apiralaren 3an egingo dute.

Txotx Eguna- Urtarrilak 23

11:00-11:45: Trikitilariak.
12:00: Ekitaldi nagusia, Maialen Lujanbio eta Bertso Eskola.
12:00: Txalapartariak.
11:45-14:00: Incansables Txaranga kaleetan barrena.
13:00: Herri kirolak: Idoia Etxeberria harri-jasotzailea eta Fausto Mugerza aizkolaria, 2,40m zabalerako enborrarekin.

Txotx Denboraldia

Otsailak 6: Haurrentzako emanaldia: `Beldurren etxean´ Hipo eta Tomax-ekin. Atsegindegin. 17:00etan.
Otsailak 11: L´explorateur: malabarrak, akrobaziak, clownak eta piroteknia kaleetan zehar. 20:00etan.
Otsailak 18: Kale Antzerkia: `Camping renove´. Trapu Zaharra taldea. 20:00etan.
Otsailak 25: `Ze zongo´perkusio taldea. 20:00etan.
Otsailak 26: Sagar Lasterra.
Martxoak 4-8: Inauteriak.
Martxoak 20: `Tolarea´ Gipuzkoako Sagardo Naturalaren Kofradiaren XVI. Kapitulua.
Apirilak 3: Sagar Martxa
Apirilak 16: Zopilotes Txirriaus, Tilosetan, 23:00etan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!