«Afaltzera goazenean, batzuetan, nire gurasoek lagunei ematen diete dirua»

Kronika - Erredakzioa 2011ko urt. 15a, 01:00

Hernaniko Jokulari Anonimoen taldetik, 2010ean, 753 pertsona pasa ziren. Horietako asko astero biltzen diran, euren esperientziak kontatu, eta jokatu gabe aurrera jarraitzeko indarra hartzeko asmoz. Hernaniko Kronikak astearteroko hitzordura hutsik egiten ez duten birekin bildu da. Imanolek 33 urte ditu, eta urtebete daramaki taldean. Joko berriekin du arazoa. Joxe Marik 56 urte ditu eta 15 daramazki taldean. Tragaperrekin du arazoa.

Nola iritsi zinaten adikzioa duten jokuluriak izatera?
Imanol: Atzerrira, Inga­late­rrara joan nintzen lanera. Han, gaur egun hemen dauden apustu makina horietakoak zeuden, eta  zaldi lasterketak, zakurren lasterketak, futboleko partidu guztietako apustuak, eta abar egin zitezkeen, denetatik, eta apustuak egiten hasi nintzen.
Hasieran gutxi jokatzen nuen. Asteak aurrera egin ahala, egunero joaten hasi nintzen, eta azkenean libra bat jokatzetik, egunero 20 libra jokatzera pasa nintzen. Gipuzkoara itzuli nintzenean han jokatzen nuen makina-etxeen web orriak bilatzen hasi nintzen Interneten, eta topatu nituen: William Hill eta Ladbrokes apustu etxeak esaterako. Orduan, Internet bidez hasi nintzen jokatzen, Visarekin... Edozer gauzetara apostatzen nuen, baita zaldi karrera birtualetara ere. Egunero 300-400 euro gasta­tzen nituen. Horrez gain, hemengo zaldi lasterketetara ere hasi nintzen joaten, eta bertan apustuak egiten.  

Pixkanaka dena korapila­tzen hasi zen. Pisu bat ari nin­tzen ordaintzen, baina gurasoekin bizi nintzen. Egun batean bankutik deitu zuten eta ezer ez nuela ordaindu esan zuten. Ban­kuko zorrez gain, Citibank eta Cofidiseko beste bi prestamoak ere hartu nituen, erraz ematen dute dirua leku horietan. Handik ere deitu zuten, eta ama konturatzen hasi zen, honi zerbait gertatzen zaio. Kutxara joan zen zer gertatzen zen jakitera, eta ordaindu ez nituen zorrak ikusi zituen bertan. Kutxan ere beste prestamo bat eskatua nuen, etxeko altzariak erosteko. Hura ere jokoan gastatu nuen.  Prestamo guztiak gehituta, 21.000 euro inguruko zorra nuen, hori zen jokoarekin egin nuen zuloa. Amarekin hitz egin, eta psikologo batekin hasi nintzen. Bi edo hiru aste pasa nituen jokatu gabe, baina berriz erori nintzen. Izebak Internet bidez topatu zuen taldea, eta etortzen hasi nintzen, orain urtebete inguru.  
Joxe Mari: Ni kartekin hasi nintzen, orain dela 35 urte inguru. Gau batean jornal osoa galdu nuen eta gehiago ez jokatzea erabaki nuen; hori lortu nuen. Gero bingoan hasi nintzen, baina ez zitzaidan gustatu. Orduan hasi nintzen konturatzen arazo bat nuela, jokoa hainbeste gustatzea ez zela normala. Hala ere, makina tragaperratara engantxatu nintzen. Lehenengo aldian 25 pezeta bota nituen, eta 2.500 atera. Eta hori izan zen nire engan­txea. Aurreneko egunetan ez nuen asko jokatzen, pixkanaka hasi nintzen diru gehiago sartzen. Garai hartan, diru kontuak zirela eta, etxean ere txulo hasi nintzen jartzen emaztearekin.  Jokoan segi­tzen nuen eta zorrak azaltzen hasi ziren. Taber­netan eska­tzen nuen dirua, eta ezagutu egiten zidatenez, utzi egiten zidaten. Ma­kinetan gastatzen nuen guztia. Jokatu egiten nuen urteetan, nire bizimodua gezur hutsa zen. Anaiei ere hasi nintzen banan bana dirua eskaka: batek 100.000 pezeta eman zizkidan, baina azkeneko arrebari eskatu nionean... hark ez zidan sinestu... Aizu Joxe Mari zuk arazo bat daukazu esan zidan, eta nik ez, etxean diruz gaizki gabiltza erantzun nion. Hor harrapatu zidaten. Hiru egun etxetik kanpo pasa nituen, eta arropa aldatzera itzuli nintzenean alabak geldi­tzeko eskatu zidan, amarekin berak hitz egingo zuela. Emaztearekin hitz egin eta guztia kontatu nuen. Ordutik aurrera pausuak ematen hasi nintzen: lehenengo asistentarengana, ondoren Txus Congilekin hitz egin nuen. Txus izan zen nire salbazioa. Hari esker azaldu nintzen hemen, Jokulari Anonimoen taldean.

Jokulari Anonimoetan hasi
zinetenean, nolakoak izan ziren aurreneko egunak?

Imanol:  Aurreneko eguna oso gogorra izan zen, besteen esperientziak entzun nituen, ni nintzen gazteena. Bigarren egunean beldurra gainditu nuen, beldur asko ematen zidan zenbat gastatu nuen esateak. Guztia kontatuta, dirua ez zela garrantzitsuena  konturatu nintzen. Hemen biltzen diren guztiak nigatik egin zutena asko eskertzen dut. Urte honetan lau errekaida izan ditut, eta berriz ere lotsa haundiarekin, baina hutsetik hasi, eta kontatu egin behar izan dut. Asko lagundu didate, gauzak esaten, egia esaten. Gezurrak esan izan ditut, etorri nintzenean batez ere.

Joxe Mari:
Errekaida bat izanda, taldera bueltatzea oso zaila da. Badira Imanol bezala bueltatu direnak, baina badira beste kasu batzuk, bueltatu ez direnak. Badaude taldean egonda, zortzi edo bederatzi urte jokatu gabe pasa dituztenak, eta gero taldeaz ahaztu direnak. Utzi, eta jokora bueltatzen direnak. Guretzako erreabilitazioa ez da existitzen, Ludopatia gai­tza bat da, sendaezina. Euro bat jokatzea nahiko da, engantxatu egiten gara. Nik etortzen den jende berriari esaten diot,  hamabost urte daramazkit jokatu gabe eta talde honi eskerrak da. Nik honi esker gogoratzen dut zer naizen eta nondik natorren. Bastoiarekin etorri behar badut ere, etorri egingo naiz.
Hasieran bitxo arraro bat nintzela usten nuen, nirea ez zela gaixotasuna, bizioa zela. Nik dena galdu nuen, ez nuen ezer. Aurreneko egunean, Imanolek esan duen moduan, besteen esperien­tziak entzun nituen. Jendeak esaten zuen: Nik 200.000.000 pezeta galdu ditut, nik etxea galdu dut... Ni egunero pasatzen nintzen trenaren aurretik. 2.000.000 pezeta gas­tatu nituen guztira. Etxera joaterakoan trenaren aurrean jarri, bertan geratu, eta trenak eramateko gogoa izaten nuen. Ez nuen soluziorik ikusten. Talde honengatik ez balitz, nik ez nuen ezer lortuko.

Pausorik garrantzitsuenetako bat izaten duzue poltsikoan diru gutxiagorekin ibiltzea. Erreza al da fase hori?
Joxe Mari: Jokatzen ari zarenean diru askorekin ateratzen zara poltsikoan, nik esaterako, ezin nuen 20.000 pezeta baina gutxiagorekin atera, eta orduan diru hori ikaragarri zen. Eta gaur esaterako 15 euro ditut poltsikoan, ez dut gehiago behar. Jokatu egiten duzunean ez duzu dirua baloratzen, bota egiten duzu. Alabak behin 5.000 pezetako Adidas ba­tzuk eskatu zizkidan, eta nik ezetz esan nion, nik ere ez nituela sekula izan, eta asko balio zutela. Egun hartan 20.000 pezeta galdu nituen, eta alabari ezetz esaten ari nintzen. Ludopatia gaixotasuna da.

Imanol:
Ni orain ez naiz diru askorekin ibiltzen, beste arau bat da. Tarjetak ere ez ditut erabiltzen, ez dut tarjetarik. Lagunekin afaltzera joaten banaiz, nire arazoa zein den badakite, eta nire amarekin harremanetan jar­tzen dira egun horretan zenbat diru beharko dudan zehazteko; amak batzutan niri ematen dit, eta beste ba­tzuetan lagunei. Gurasoei beti esaten diet nora noan. Diru gabe ibiltzera ohitu naiz. Askotan amak 10 euro ematen dizkit eguna pasatzeko, eta etxera itzuli eta 8 buelta­tzen dizkiot. Pixkanaka konfiantza har­tzen hasi dira.

Lanean ere diruarekin ibili behar izaten dut. Enpresan ere egi guztia kontatu nuen, faktura batzuk ere faltatu ziren eta. Nagusiak nigan konfiatu du, eta pixkanaka ari gara erremedioak jartzen. Etxera bazkaltzera joan aurretik bere bulegora joan, eta ordurarteko faktura eta diru guztia ematen diot. Hori bezalako traba batzuk jartzea beharrezkoa da arazorik ez izateko.

Zer galdu zenuten
jokalari izanda?

Joxe Mari: Niretzat okerrena familia galtzea izan zen. Aislatu egiten nintzen, jokoan murgilduta zaudenean ez duzu inor zure ondoan nahi, ezta lagun onena ere. Nik esaten nien, bueno etxera noa, eta ez zen hala izaten. Beste taberna batera edo beste herri batera joaten nin­tzen jokatzera, banekien laguna ez zela hara joango, itxi egin nintzen.
Imanol: nik ere denetatik pixka bat galdu dut. Lagunak, eta gurasoak asko. Suerte haundia izan dut, kriston lagun eta gurasoak ditudalako. Azkenean lagunei dena esatea erabaki nuen, afari baten bueltan kontatu nien guztia. Joxe Marik esan duen bezala, larunbatean lagunekin afaltzera joan eta diru gabe joaten nintzen. Aurretik egun horretan 200-300 euro gastatuta joaten nintzen. Beraiei ere dirua eskatu izan diet, bati 200 euro, besteari 150 euro... eta aurretik ez nuen sekula horrelakorik egin. Lagunek oso ondo hartu zuten, eta edozein momentutan lagun­tzeko prest daudela erakutsi zidaten. Gaur badakite nire arazoa zein den.      

Eta jokatzeari uzteaz gain,
 zein izan da irabazi
haundiena?

Joxe Mari: Familia berreskuratzea izan da haundiena. Eta zalantzarik gabe, berriz ere lo egitea. Askotan,  goizeko 04:00etan oraindik esna egoten nintzen, nik ez nuen ohera joan nahi. Ohera joanez gero, emazteak hitz egiten zidan, dirua noiz ekarriko nuen galdetzen zidan, eta nik ez nuen dirua nondik ekarri... egunero 04:00ak aldera sartzen nintzen lotara eta goizeko 06:30etan esna­tzen nintzen. Jaikitzeko despertadorerik ere ez nuen behar, eta hori bi ordu eta gutxi gehiago egiten nuela lo. Jokoa utzi nuenean berriz, ohera goiz joan eta arazorik gabe egiten nuen lo. Eta ordura arte pentsaezina zen despertadorea ere jarri behar izaten nuen esnatzeko. Hura lasaitua hartu nuena.
Imanol: Zor asko izanda ere, jokoa uzteak ematen dizun lasaitasuna bezalakorik ez dago, bai mentalki eta bai pertsonalki. Etxean, lagunekin... beste pertsona bat zara. Pixkanaka argia ikusten duzu tunelaren amaieran. Gauzak konpontzen hasten dira, eta dirua pixkanaka itzultzen duzu.

Jokuarekin arazoa dutenei zer esanago zeniekete?
Joxe Mari: Lehendabizi jokuarekin arazoa dutela onartu behar dute. 10 euro jokatzeko intentzioarekin atera eta 100 gastatzen badituzu arazo bat duzu. Hemen ez dago milagrorik, norberak egin behar dio aurre jokoaren arazoari, baina zalantzarik gabe, gu laguntzeko prest gaude. Honera etortzen denak tarjetak kanpoan utzi beharko ditu, eta jarrera aldatu egin beharko du. Eguneroko ohitura batzuk aldatu, eta abar. Hasieran gogorra da, baina emaitza ikusita, merezi du.
Imanol: Erabakia hartzea ez da erraza izaten. Nire arazoaz garaiz konturatu ziren, eta horri esker nago gaur hemen. Arazoa duenei laguntzeko prest sentitzen naiz. Ni jokoan aritzeko lagunak nituen. Gaur egun ikusten ditudanean, kanpotik, arazoa beste era batera ikusten dut. Haiei ere lagun­tzea gustatuko li­tzaidake, badakite edozertan lagunduko dietela.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!