Hernaniko Hamaikabat alderdiak, prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, zenbait ekarpen aurkeztu dizkio Lizeaga auzoa berriro urbanizatzeko proiektuari. Iñaki Arratibel bozeramailearen esanetan, «espazio libreak gehiegi murrizten dira. Bizilagunek kotxeak aparkatzeko espazioa behar dutela ez dugu zalantzan jartzen, baina gure esku dago espazio libreen eta aparkalekuen arteko oreka lortzea».
Hori horrela, honakoak dira proiektuari aurkeztu dizkion ekarpenak: «Lizeaga 32 eta Madalena 8 artean, oraingo espazio berdea kentzea ez dugu egokia ikusten. Lortzen diren aparkalekuak gutxi dira eta Lizeagak espazio libreetan dituen gabeziak areagotu egiten ditu. Sortzen den aparkalekua eta espaloia Madalena 8tik metro eskas batera geratzen da eta etxebizitzen parean geratzen dira. Eta antza denez, Lizeaga 32ko Madalena kalean egun dagoen sarrera kenduko dute. Proiektu honekin bi etxe hauetan bizikalitaea galtzen dute. Kotxeen aparkaleku beharrak ez du dena justifikatzen».
Aparkalekuen beharra asetzeko proposatzen duen konponbidea da, San Antonio Paradorean sortu den aparkalekua behar bezala egokitzea eta Lizeaga kaleko ezker aldean bateriazko aparkalekuak egitea.
Adineko pertsonentzat, ejerzizio jokuak
Beste proposamen batzuk ere aurkeztu ditu Hamaikabatek: «Gaur egun Lizeaga 32 eta Madalena 8 tartean dagoen espazio horretan adineko pertsonentzat ejerzizio jokuak jartzea proposatzen dugu». Horrez gain, Lizeaga kaletik Lizarraga kalera jaisteko dauden eskailerak aldatzea proposatzen da eta honakoa dio Hamaikabatek: «Eskailera berriak espazio pribatutik pasatzen dira eta horrek zaildu egiten du proiektuaren ejekuzioa. Gure ustez, espazio pribatua erabiltzea ez da beharrezkoa eskailerak berritzeko, eta beraz, Lizeaga 16ak egun duen espazioa mantendu beharko litzateke».