GAur hasiko da sona haundia duen Berria Txapelketa. Hernanin ekingo zaio txapelketari, Oiartzungo Oiarpe eta Baztango Txaruta taldeen arteko lehiarekin. Gaueko 21:00etan izango dira partiduak.
Kadeteetan, Ugalde II-Imaz eta Untxalo-Trantxe izango dira aurrez aurre. Jubeniletan, Sarasti-Imaz eta Arizmendi-Apeztegia neurtuko dira. Eta seniorretan, Aranburu-Ugalde eta Arraztoa-Otxandorenak jokatuko dute.
Bihar ere beste kanporaketa bat jokatuko da Hernanin. Dimako Txumuluxueta eta Doneztebeko Erreka izango dira aurrez aurre, arratsaldeko 17:00etatik aurrera. Kadeteetan: Gonzalez-Ibarrondo/Telletxea-Elizalde. Jubeniletan: Ziarrusta-Etxeberria/Maia-Lasa. Eta seniorretan: Etxebarria-Etxebarria/Esain-Madariaga.
Hernanin hasi eta Hernanin bukatu. Finala ere bertan jokatuko da, martxoaren azken asteburuan.
Euskal Herriko 24
elkarte onenak
Berria Txapelketan Euskal Herriko 24 elkarte onenek hartuko dute parte. Tartean, Hernanik. Gipuzkoako zortzi elkarte ariko dira, Nafarroako zazpi, Bizkaiako sei, Arabako bi eta Ipar Euskal Herriko selekzio bat.
Galdakaoko Adiskide da egungo txapelduna, Aurrera Saiaz Tolosako taldeari eroso irabazita finala. Bi talde horiek faboritoen zerrendan daude aurten ere. Hala ere, aurtengo faborito nagusia, Amezketako Zazpi Iturri da. Horrez gain, talde sendoa daukate, besteak beste, Hernanik, Alegiko Intxurrek, Bergarak eta Lizarrako San Miguelek.
Aurtengo berezitasuna,
tantoen sistema
Lehiaketa sistema azken urteetako berdina izango da. Kadeteen, jubenilen eta seniorren mailan jokatuko dira partiduak. Garaipena bi norgehiagoka irabazten dituenak lortuko du, baina aurten bada berezitasun bat: lehenengo bi partidak elkarte berdinak irabazten baditu, tantoen sistema aplikatuko da, gazteenei presioa kentzeko helburuarekin.
Sari berdinak
Sariak iazko berdinak izango dira: elkarte txapeldunarentzat 3.000 euro eta pelotari bakoitzari oroigarria eta txapela; azpitxapeldunarentzat 2.000 euro eta seina oroigarri; hirugarren eta laugarrenentzat 1.000na euro; eta bost eta zortzi bitarteko postuetan sailkatzen direnentzat 500na euro.