aurtengo sagardoa aberatsa da: aroma haundia dauka, fruta usaina, ahoan asko irauten du eta oso freskagarria da. Atzo Astigarragan azaldu zuten, Sagardo Berriaren Egunean. Sagar-uzta ona izan da 2010ekoa, nahiz eta ez den iritsi 2008ko urte historikora. 10 miloi litro sagardo egin dira aurten. Karlos Argiñanok izan zuen ohorea, lehenengo txotxa egiteko: «sagardoak jendea biltzen du, dohai hori dauka, beste edariek ez daukatena» adierazi zuen euskal sukaldaririk ezagunenak.
Miloi bat bezero, 500 langile
Sagardoetxean bertan prentsaurrekoa egin zuten komunikabideen aurrean. Joxe Angel Goñik, Sagardoetxeako bozeramaileak, adierazi zuen, sagardoa sektore ekonomiko haundia dela. «Euskal Herrian 100 sagardotegi inguru daude. 500 lagunek lan egiten dute sektorean, eta miloi bat bisitari izan ditugu 2010ean».
Kalitatea, ezinbesteko
Denek azpimarratu zuten, sagardoa hain preziatua bada, ondo lan eginaren ordaina dela. Jon Azkue Landa Garapenerako Sailburuak adierazi zuen, Eusko Labela duen sagardoa 2011n izango dugula merkatuan, %100 bertako sagarrarekin egina. 800.000 litro dagoeneko eginak daude, prozesu osoa kontrolatuta, proiektu piloto gisara. Merkaturatzeko, analitika bat eta kata bat pasa behar ditu.
Rafael Uribarren Lurralde Antolamendurako Diputatuak sektorearen profesionaltasuna azpimarratu zuen. «Hobetzen ari gara, kantitate eta kalitatean. Alde horretatik, Diputazioak egin proiektuan dauzka, bertako sagar barietateak mantentzeko germoplasma proiektua, bodega eta laboratorio enologikoa Fraisoron...». Diputazioaren apustua da bertako espezie eta produktuen alde egitea. Sagardoa bezala, haragia, gazta, arrautzak, intxaurrak... «sagardotegiak animatu nahi ditugu, bertako produktuak erabiltzera, eta adieraztera, nongo produktuak darabilzkiten».