«Hari-mutur guztiak lotzean, salaketa jarriko dugu Ertzaintzan»

Kronika - Erredakzioa 2011ko urt. 12a, 01:00

Zikuñagako Ama be­rres­kuratzeko lanetan, beste pausu bat emango du herri plataformak. Hala azaldu du Kronikara bidalitako prentsa oharrean. Eta jakinarazi du, «Zikuñagako Amaren espoliaziotik edo denboraldi bateko bahiketatik 31 urte pasa diren arren», salaketa jarriko dutela Ertzaintzan. «Gertatu zena berriro eraiki dugu, guk uste dugun bezala, eta nahikoa datu baditugu Ertzaintzan salaketa jar­tzeko. Hari-mutur batzuk solte daude eta guztiak lo­tzean, berehala jarriko dugu salaketa».

«Zergatik ez zuten salatu?»
Lapurreta egin zuten urtean esan zen, Erik el Belga ezizena duen lapur ezaguna izan zela Zikuñagako Ama lapurtu zuena, baina hori gezurtatu egin zuen Zikuñagako Amaren Komisioak eta herri plataformak ere gauza bera dio.  (2010/10/05eko Kroni­kan argitaratu ziren datu horiek). Eta herri plataformak datu berriak aurkitu ditu. «Zikuñagako ermitako seroraren gizonak adierazpen batzuk egin zituen, eta adierazpen horietatik abiatuta behin baino gehiagotan jarri gara harremanetan Go­tzaintzarekin eta Ziku­ña­ga­ko Papelerako zuzendaritzarekin. Emaitzik ez dugu lor­tu, orain arte. Ondarea Be­rres­kuratzeko Eragile Tal­dea­­rekin jarri gara harremanetan eta baieztatu digute pentsatzen genuena: ez Her­naniko Guardia Zibilaren koartelean ezta beste polizia organismo batean ere, ez zela lapurreta salatu». Horrek zer pentsatu eman diela diote: «Herna­niko parrokoak eta elizbarrutiko Gotzainak lapurreta baten aurrean ezikusiarena egin zuten modu susmagarrian. Zergatik ez zuten salatu? Argi daukaguna da, jarduteko modu kafkiano horrekin ez ziotela mesederik egin herriko katolizismoari. Gero harritu egiten dira elizak erdi hutsik daudelako».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!