Indiako emakumearen egoera eta aldaketarako aukerak, ikusgai

Kronika - Erredakzioa 2011ko urt. 16a, 01:00

Indian emakume eta neskek bizi duten egunerokoa, zertan egiten duten lan, ikasketak, aldaketarako dituzten aukerak eta beste hainbat egoera jaso­tzen dituen erakusketa jarri berri dute Biterin. 33 argazki dira, 11 panelez lagunduta, India bera, eta bertako egoera pixka bat gehiago ezagutzen lagunduko dutenak. Erakus­keta Calcuta Ondoan Gober­nuz Kanpoko Erakundeak eta Hernaniko Udalak antolatu dute, eta astez, egunero izango da ikusgai Biterin; ordutegia: arratsaldeko 18:00etatik 20:00­etara. Urtarrilaren 26ra arte egongo da jarria.

«Emakumea izateagatik
diskriminazio berezia
jasaten dute»

GKEk azaldu duenez, Indian, gainontzeko herrialde askotan bezala, emakumeek diskriminazio haundia jasaten dute. Adierazi dutenez, bidegabekeria honek arazo sozioekonomiko latzak ekartzen ditu: «pobrezia egoera luzatu egiten du eta giza garapena eta garapen ekonomikoa oztopatzen ditu. Munduan 1.000 milioi pertsona pobre inguru daude, eta horietatik 600 milioi inguru emakume eta neskak dira».
Biterin jarritako erakusketan, Calculta Ondoan erakundeak Indian egoera horiek guztiak nola bizi dituzten azaldu nahi du. 2003 urtetik erakundeak aurrera daraman proiektuan hartzen dute parte Indiako milaka emakumek. Proiektu honekin, erakundeak emakumeak lagundu nahi ditu aurrera egiteko egin behar duten bide luzean: indenpendentzia, parte har­tzea, erabakiak hartzea eta autoestimaren bidean.
Biteriko erakusketaren bi­dez, herritarren hausnarketa bi­latu nahi dute, mundu osoan gizon eta emakumeentzako bi­zitza duin eta zuzenago bat lor­tzeko eman daitezkeen pausuen inguruko hausnarketa. Ho­rregatik, herritarrak gerturatu eta ikustera gonbidatu dituzte.

Azalpena, 11 paneletan
Erakusketa hamaika paneletan azaltzen dute. Aurrene­koa orokorra da, Indiako egoera kontatu eta gaian barneratzeko. Emakumeen egoera azal­tzen da ondoren, bertan kontatzen da estatistiken bidez egun bizi dutena. Hiru­garren panelean, pobrezia eta hezkuntzari buruzko informazioa ageri da. Datuen artean, alfabetatze datuak ageri dira: Indian, bost emakumetatik bik dakite irakurtzen. Laugarren panelean, hitzartutako ezkon­tzek dakartzaten ondorioak azal­tzen dira. Genero indarkeria, Lakhuben-en istorioa, asteroko bilerak, garapena, kredituak eta diru sarrerak dira gainon­tzeko zortzi panelen gai nagusiak.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!