«El Salvadorren, esaterako, orain dela hiruzpalau hilabete, Mara 18ak jakinarazi zuen hiria blokeatuko zuela eta bankuak eta dena itxi zituzten bada ez bada; jendea beldurtuta zegoen», hala azaldu zuen Miquel Cortés Fe y Alegría erakundeko arduradunak herenegun, Mara edo pandilek Ertamerikan eta batez ere Guatemalan eta inguruetan lortu duten boterea azaltzeko.
Marak auzune pobreetan bizi diren gazteez osatutako koadrilak dira eta indarra eta bortizkeria erabiltzen dute. «Harremanetan daude agintari eta poliziekin. Lotura dute droga, arma eta pertsona trafikoarekin. Lapurretak, estortsioak, bahiketak, antolatutako hilketak... Bizitzeko modu bat da gazte horientzat». Cortések gazte hauekin egiten du lan Guatemalan, heziketa eta gizarteratzea bultzatuz Fe y Alegría erakundearen bidez. Eta bertako egoeraren eta egindako lanaren berri eman zuen herenegun Biterin, Arrisku egoeran dauden gazteentzat aukera bat hitzaldian. «Marak mehatxu gisa ikusi beharrean, aldatzeko gai bezala ikusten ditugu. Lan zaila eta luzea da, baina poliki-poliki lortu daiteke eta gazte horiei aukera bat eman behar zaie». Hitzaldia Hirugarren Adina Hirugarren Mundurako GKEk (ONG) antolatu zuen Udalaren laguntzarekin.
«Guatemalan, industria sortu da biolentziaren inguruan»
«Gazte hauek, kartzelan daude asko eta asko, gaiztakeriara bideratuta, hondamendira... Nola lortu gazte horien nahiak, ilusioak bideratzea zerbait positibora?». Cortések dio ez dela erraza; Guatemalako testuinguruak ez duela laguntzen. «Sekulako negozioa sortu dute segurtasunarekin. Industria sortu da biolentziaren inguruan. 200.000 herritar segurtasun zaindari gisa ari dira lanean enpresa pribatuentzat. Tartean, Prosegur espainiarra. Blindatutako 20.000 kotxe daude... Gainera Estatuak ez du parte hartzen auzune horietan, gazteentzako lekurik ez dago, pobrezia da nagusi, errepresioa, injustizia, familiak desegiten ari dira emigrazioa dela eta, deportazioak…».
Eskola irekiak, doakoak
eta kalitatezkoak
Honen aurka borroka egin behar dela dio Cortések eta horretan saiatzen direla beren programaren bidez: prebentzioa, errehabilitazioa eta berriro gizarteratzea.
«Horretarako eskola irekiak ditugu, publikoak, doakoak eta kalitatezkoak; autoestimak eta konplejuak lantzen ditugu; eskola seguruak izaten ahalegintzen gara bizilagun eta gurasoen inplikazioarekin; baloreak erakusten ditugu; kirolaren garrantzia... Eta erronka zailena dena: hezkuntza eta lana lotzea. Izan ere, lanik ez badago, hezkuntzarekin bakarrik ez goaz inora. Bertako enpresa lokalekin aliantzak lortu behar dira. Erronka zaila da, lana bilatzea oso zaila baitago. Eta gehiago gazte hauentzat». Kohesio sozialaren alde ere lan egiten dute, «eta horretarako beharrezkoa da, oreka, berdintasuna eta eskubideen onarpena egotea», dio.
50 eskola, 14.000 ikasle
Fe y Alegría herri hezkuntza bultzatzeko mugimendua da. Guatemalan 34 urte daramazki martxan eta Latino Amerikan 50 bat. 16 herrialdetan daude gaur egun. Guatemalari dagokionean, 50 eskola dituzte eta 14.000 ikasle: 8.000 hirietako gune gorrietan eta 6.000 landa eremuetan. Hernaniko Udalak 2000. urtetik laguntzen du Guatemalako erakundea.
GUATEMALARI BURUZKO HAINBAT DATU
- Guatemala Ertamerikan dago, Mexikoren hegoaldean. Muga egiten du Mexiko, Belize, El Salvador eta Hondurasekin.
- 110.000 km2 ditu, gutxi gorabehera. Eta 14 milioi biztanle.
- Kolonizazio garaian oso garrantzi-tsua izan zen.
- Biztanle indigena asko dagoen herrialdea da. Bigarrena da Bolibiaren atzetik. Maya jatorriko etniak dira.
- Hizkuntza ezberdinak daude.
- Desberdintasun haundiko herria da, batez ere ekonomikoa. Txuriek daukate ia aberastasun guztia, kolonia garaitik gaur egunera.
- Latino Amerikatik haurren desnutrizio kroniko gehien dagoen herrialdea da, Haitiren atzetik. Eta UNICEFen arabera, munduko laugarrena.
- Orain dela 200 urte lortu zuen independentzia.
- 36 urtez Gerra Zibila izan da, orain dela gutxi arte. 1996an sinatu ziren bake akordioak. 200.000 hildako utzi ditu gerrak.
- Botere militarrak garrantzia haundia du egun.
- 80. hamarkada, Ertamerika eta Hegoamerika osoan bezala, oso garai gogorra izan zen. Hortik datoz ‘Marak’; gune pobreetan bizi diren gazteez osatutako ‘pandilak’ indarra eta bortizkeria dutenak adierazpide.