Hernanik 1.122 langabeturekin bukatu du joan berri den urtea, 2009an baino 49 gehiagorekin. Langabetu gehiago izatea berri ona ez den arren, hazkundea aurreko urteetan baino askoz txikiagoa izan da eta Gipuzkoan orokorrean izan den langabetu kopurua mantentzeko joera antzematen da, Hernanin ere. Izan ere, 2007tik 2008ra 138 langabetu gehiago izan ziren eta 2008tik 2009ra 234. Gipuzkoari dagokionean, 2009an baino 955 langabetu gehiagorekin bukatu du urtea. Guztira 39.499 izan dira. Dena dela, EAEtik langabezia gutxien hazi den lurraldea izan da eta azarotik abendura langabezia jaitsi egin da, gainerako lurraldeetan ez bezala: eta azken 6 hilabeteetako joera ere hautsi da. Guztira 43 langabetu gutxiago izan dira.
Emakumeak, gehienak
Hernanin, langabezian dauden 1.122 pertsona horietatik gehienak emakumeak dira; 584 hain zuzen. Adin tarteari dagokionez, 35etik 44ra bitarteko gizon-emakumeak dira kaltetuenak: 332. Dena dela, emakumeen artean, 50etik 59ra bitarte ere langabetu asko daude: 174.
Zerbitzuen sektorean 700 langabetu Sektoreen artean, zerbitzuen sektoreak jarraitzen du izaten langabetu gehien dituena. Denera 700 langabetu daude eta horietatik 450 emakumezkoak dira. Langabetu gehien dauden hurrengo sektorea industriarena da eta kasu honetan gizonezkoak dira gehienak. 240 langabetu daude orokorrean eta horietatik 153 dira gizonezkoak. Eraikuntzan ere badira 123 langabetu eta horietatik ia denak gizonezkoak dira: 109.
Bigarren Hezkuntzako Lehenengo Zikloa dutenak
Ikasketa mailari erreparatuz, langabezian dauden gehienak Bigarren Hezkuntzako Lehenengo Zikloa egina dutenak dira gizonezkoen eta emakumezkoen kasuan: 461. Bigarren zikloa egina dutenak ere dexente dira: 209. 203, berriz, Lehen Hezkuntza bakarrik dutenak.
Lan motari dagokionez, langabezian dauden gehienak, koalifikatu gabeko kontratuak zituzten: 352.