Ezkurra, txapeldunen txapeldun

Kronika - Erredakzioa 2011ko urt. 9a, 01:00

EZKURRAK 30
SAN MIGUELEK 26

KOTETO Ezkurra da txapel­du­nen txapeldun. Orona tor­neoa irabazi zuen atzo Julen San Miguel gaztearen kontra, 30-26, erremontista onenek jokatzen duten ne­gu­ko torneoa, hain zuzen. Sakearekin sekulako mi­na egin zion Ezkurrak San Migueli. Pelota «bihurriak» zirela esana zuen Ezkurrak, partidu aurretik, eta zuku ederra atera zien, 10 tanto egin baitzituen jokaldi ho­rrekin. «Saihetsagotik atera­tzen saiatu naiz, pelotaren bote bihurria aprobetxatu nahirik, eta asmatu egin dut». San Miguelek ere ondo sakatu zuen; 7 tanto egin zi­tuen saketik, eta batez ere, aldea errestoan egon zen.

Peloteoz urri, emozioz gainezka
Izugarrizko emozioa izan zuen partiduak. 23-23 ber­din­du zuten arte, bi pelo­ta­riak elkarri gaina hartu ezinda. Berriz ere, Ezkurrak aldegingo zuela zirudien, Buruz Buruko Txapelketa Nagusian bezala. San Mi­gue­lek gehiago eutsi zion ordea, eta 25-24, 27-25 ere izan ziren. Ezkurrak hortxe erakutsi zuen bere tenplea; sakez tanto bat, peloteoan bestea... 29-25. San Miguelek azken kolpea jo zuen, 29-26, baina ez zegoen txapeldun haundienari trofeoa kentze­rik! 30-26, eta justizia egin zen: onenak irabazi zuen.

Koteto indarberritua
Koteto Ezkurrak ezin zuen ilu­sioa ezkutatu partidu bu­kae­ran. Pelotengatik izan­da­ko beroal­di­a ahaztuta, aurre­rako ilusioz dagoela azaldu zuen doneztebarrak. Orona Torneoa irabazi du Ezkurrak, erremontista one­nek jokatzen duten torneoa; txapeldunen torneoa. Bera da, txapeldunen txapeldun, bera da oraindik izan haun­diena, urte kaxkar batzuk pasa dituen arren. Buruz Buruko Txapelketa Nagusia irabazi zuen abuztuan, eta Orona Torneoa atzo, kontra­rio berdinaren kontra. Julen San Miguelek ez du zorterik onena izan; joku puntu ede­rrean da Doneztebeko gaz­tea, baina Ezkurrarik onena tokatu zaio aurrean, bi aldiz jarraian. Hurrengo aukeraren zain egon beharko du.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!