Aranori buruzko 15 erreportaje biltzen ditu Miaxiria aldizkariak. Baziren aranoarrak, orain dela 3.000 urte, Burdin Aroan; horren aztarnak ikus litezke Errekalkon, adibidez. Miaxiaria aldizkariak dakarzki xehetasun gehiago, eta noski, ordutik hasi, eta oraingo kontu ugari bilatu litezke bertan: sendabelarrak, herriko artista gazteak, aranoarrak munduan, Aranori buruzko bertsoak... 32 orrialde, bete-bete eginak. Aurten atera dute lehenengo alea, eta urtean behin edo urte biz behin ateratzeko asmoa dute.
Historiaurreko Arano
Aranoko herritik itsasoa ikusi liteke. Nafarroako herri bakarra da, hori esan lezakeena. Lehengo aranoarrek ere ikusiko zuten itsasoa, eta ez da harritzekoa, Errekalko gainean egin izana euren hilobiak: jentil edo mairu-baratzak, harrespilak... Aranoar haien oroimenak geratu dira, ipuin zaharretan, mitoetan, siniskeratan, leku izenetan: hortik, Lamusin izeneko putzua, adibidez: lami osin edo lamien putzua deiturikoa, alegia, beheko Errotan dagoena.
Mitologiak ere badu indarra Aranon; askok ezagutzen dute honako istorio hau, Miaxirian Iñaki Egurzak eta Ainhoa Ansak ekarri dutena: «Sanson, pertsonan hiru halako omen zen. Behin Urnietako Buruntzatik Arano alde beira zola, ze ikusiko ta Aranoko plazan jendia dantzan saltoka ta kantari zebilela! Ez omen zitzain asko gustatu handik ikusi zuna, ta zalaparta hartan zailtzan aranoarrak akaatzia pentsatu omen zun harri haundi bat botaz. Larruz indako aballa hartu omen zun, ta harri haundi bat bilatu zunian, aballan jarri ta hasi omen zen harei bueltak ematen... ta non botzeko indarra maten hasiko zen, hor irrixtatu omen zen behi kakan batekin, ta aballarriya erdi bidian geldittu omen zen, Mantale mendin. Mantale mendin don Aballarri harriya ikusita jakin leike Sanson zenbateko gizona zen!»
15 erreportaje
Historiaurrea, historia eta mitologiaz gain, bestelako erreportajeak ere badakarzki Miaxiariak: ibilaldi bat proposatzen dute, adibidez, Aranoko lurretan barna, Oskar Gasconen eskutik; Bertso berrik, Aranori jarrik, Xabier Legarretak eginak; Arano, iruditan; Garai bateko jostailuak, Jabier Legarreta eta Ainhoa Ansaren eskutik; Kapikua, sentimendu eta fruitua, Imanol Seguesek; herriko artista gazteek marrazkiak; kanpora joandako aranoarrak, eta bertara etorriak; Aranoarrak munduan, Leonet-Oronoz familia, Arantxa Ansaren eskutik; Aranon badaude sendabelarrak, Arantxa Ansak; errezetak, zirikimiloak, denborapasak...
Zer da Miaxiria?
Aranoko aldizkariak, Aranoko izena behar zuen, nahi eta nahi ez. Miaxiria da, saski txiki bat, otarre edo xexto bat, berezia. Hitz hori ondo ezagutzen dute aranoarrek. Herritarrek ia 40 hitz proposatu dituzte aldizkariarentzat: akillamakua, ixtilla, terrententenka... Botazioa egin, eta Miaxiria denei egoki iruditu zaie, euren aldizkariari deitzeko. Lehenengo ale hau, behintzat, ederki betea dakarkite, irakurlearentzako.