Imsersok kaleratu du aurtengo Termalismo programa, eta urte guztian aukera izango dute jubilatuek, bainuetxeren batean 12 egun pasatzeko, prezio berezian. Ongintzan edo Goiz Eguzkin eman behar da izena; urtarrilaren 15a baino lehen, otsailetik abuztura joan nahi dutenek. Maiatzaren 15a baino lehen, irailetik abendura joan nahi dutenek.
Prezioak, 255-450 euro artean
Egonaldiak 12 egunekoak izaten dira, pentsio osoan, eta bainuetxeko oinarrizko zerbitzu guztiekin. Prezioak aldatu egiten dira, bainuetxe batetik bestera, eta segun zein garaitan joan nahi den. Merkeenak 255 euro balio ditu, eta garestienak 450 euro. 104 bainuetxe daude aukeran, hasi Gipuzkoan, eta Andaluziaraino.
Gizarte Segurantzako pentsionistentzat
Imsersorekin joan nahi dutenek baldintza batzuk bete behar dituzte: Gizarte Segurantza sistemako pentsionistek eta alargunek, 60 urte bete badituzte; buruko arazo larriak edo gaixotasun kutsakorrik ez dutenak; bere kabuz moldatzeko gai direnak; tratamendu termalak hartzeko kontraindikazio medikurik ez dutenak...