San Miguelek errenbantxa hartzeko aukera du gaur, Ezkurraren kontra

Kronika - Erredakzioa 2011ko urt. 8a, 01:00

Ezkurrari irabazi eta, Banakako Txapelketa Nagusiko arantza kentzeko aukera paregabea izango du gaur San Miguelek. Orduko final bera jokatuko da gaur Galarretan, kasu honetan Orona Torneokoa. Kasualitatea edo ez, punta puntan dabiltzan bi erremontista izango dira modalitate bereko finalean gaur ere, aurrez aurre.

ELKARRI aukerarik eman gabe, 23-23 berdintzera iritsi ziren. Handik aurrera Ezkurra izan zen nagusi, eta 30-24ko garaipenarekin, beharrezkoak ziren 7 tantuak eginda, jantzi zuen hamargarren txapela Koteto Ezkurrak. Casino Kursaal Banakako Txapelketa Nagusiko finala izan zen hura, irailaren 5ean Ezku­rrak eta San Miguelek jokatutakoa. Gaur aurrez aurre izango dira berriz, ez txapelketako partiduan, baina bai errebantxa usaina darion Torneoko finalean. Kanporaketa bikainak jokatuta iritsi dira biak Txa­peldunen Orona Torneo­ko finalera, eta berriz ere, aurrez aurre izango dira momentuko bi erremontista onenetakoak, Ezkurra eta San Miguel. Finala Gala­rretan jokatuko da, eta arratsaldeko 16:00etan hasiko den jaialdiko bigarren partidua izango da.

Esperientzia, Ezkurraren arma baliotsuena
Esperientzia da Ezkurrak duen armarik indartsuena, eta horren erakusgarri dira Banakako Txapelketan irabazitako 10 txapelak. Horrez gain, hirutan ere izana da azpitxapelduna Txapelketa berean. Azken urtean ez du bolada ona pasa, eta kezka eta beldur askorekin ibili dela aitortu zion Kronikari Casino Kursaaleko finala jokatu aurretik. Orain ordea ,indartsu eta ilusioarekin dago, bai txapela irabazi zuelako, eta baita minik suma­tzen ez duelako. Gaurko aurkaria ondo ezagutzen du, herritarra, Doneztebekoa izateaz gain, partidu dexente jokatu dituztelako elkarren aurka. Pelotari agresiboa bezala deskribatzen du, azkarra eta sake ona duena. Hala ere, konstantzia dela bere hutsune haundiena azaldu du, eta irabazteko klabea, hasieratik sakeak sartu eta partidutik ateratzea dela azpimarratu du.

Sasoia eta sakea, San Miguelen klabea
Julen San Miguelentzat de­but urtea izan da 2010eko Ba­nakakoa. Gaztea da, sa­soikoa. Ez du esperientzia haundirik, baina pelota inork baino azkarrago mu­gitzen du. Sakea da bere arma indartsuena, eta han­ka biziak ditu. Casino Kur­saal txapelketan lan asko egin ondoren iritsi zen finalera, eta Zeberio IIa bera ere kanporatu zuen. Gaurkoan, txapelketan gainditzea lortu ez zuen jokalaria izango du aurrean, Koteto Ezkurra. San Miguelek azaldutakoaren arabera, Ezkurrak hu­tsune gutxi ditu eta partidua irabazteko, beretzat, sa­kea da klabea. Kontzentra­zioari eusten saiatuko da, partiduan hasieratik sartzea ezinbestekoa baitu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!