Tabakoaren Legearekin astebete betetzear, arazorik ez Hernanin

Kronika - Erredakzioa 2011ko urt. 8a, 01:00

Bihar astebete beteko da Ta­bakoaren Legea martxan jarri zenetik, Es­pai­niako Diputa­tu­en Kongre­su­ak erabakita. Le­gearen arabera, ezin da erre tabernetan, jate­txeetan eta es­pazio pu­bliko itxietan. Eskola eta umeentzako parkeetan ere ezin da erre, aire librean ba­daude ere. Ospitale edo an­bulatorio atarian ere ez. Hori horrela, Hernaniko Kronika galdezka ibili da lege berriak Hernanin arazorik eragin duen eta herritarrek zer pen­tsatzen duten jakin asmotan. Alde batetik, Berriak Her­naniko merkatari eta ostalari­en elkartera jo du. Mertxe Ji­menez elkarteko idazkariak azaldutakoaren arabera, tabernariak orokorrean harrituta daude jendeak izan duen eran­­tzunarekin. «Jendea oso kontzientziatua dagoela azaldu dute eta legea errespetatzen dutela. Hori bai, eguraldi ona egin du egun hauetan eta jendea erraz atera­tzen da kanpora. Aurrera begira zer gertatuko den beldur pixka bat badute», nabarmendu du Jime­nezek. Kalera ateratze horrek ere alde txarrak badituela gaineratu du. «Karda­beraz kaleko tabernetan, esaterako, nabaritu dute gutxiago kontsumitzen dela eta horrez gain, kale horretan lehenengo pisuan bizi diren bizilagunengana doa ke guztia». Hilabete honetan bilera egiteko asmoa dute txotx denboraldiari begira eta Eusko Jaurlaritzatik etorriko den Tabakoaren Legeari begira. Bestetik, legearen inguruan pentsatzen dutenaz galdetu die Kronikak tabernari eta erretzaile banari eta erretzaileak ez diren bi pertsonei.

Mikel, Aralar tabernako nagusia eta tabernaria

Nik uste dut jendeak lehenagotik barneratua zuela ezingo zuela erre eta oraingoz behintzat jendeak errespetatzen du. Despisteak egon dira, nire kasuan esaterako, lanean ez nengoen batean erretzen sartu nintzen, baina norbera konturatzen da eta itzali edo kanpora ateratzen da. Guk gainera, zortea daukagu terrazarekin. Eta egun hauetan ho­tzik egin ez duenez ez da arazorik izan. Dena dela, berogailua jarriko ote dugun galdetu digu batek baino gehiagok eta oraindik ez dakigu zer egingo dugun; izan ere, ez dago araudirik. Zain gaude oraindik.
Parranda egunei dagokienez, Errege Egun bezperan jendea ibili zen eta taberna kanpoan jende asko bildu zen. Aurrera begira, horrek arazoak ekarriko dituela iruditzen zait, bizilagunak kexatzen hasiko dira...
Tabernan zein eragin izan duen jakiteko, berriz, goizegi da. Bezero gutxiago etortzen den, bezero berriak etor­tzen hasi diren... Nik oraindik ez dut nabaritu, baina egia da arratsaldetako mus partidetan eragina izan dezakeela. Esaterako, bat edo bi ez dira azaldu azken egunetan, baina agian oporretan daudelako izan da.
Tabako makina mantentzeko asmoa ere badut. Batzuk komunikabideetan azaldu dira esanez Estatuaren mesederako dela eta kendu egin dutela. Nire ustez, mesedea ez da Estatuarentzat ez niretzat, erretzaileentzat baizik, eta mantendu egingo dut.
Kajari begiratuta agian, kalterako izango da, baina osasun aldetik hobeto. Sano-sano zaude tabernan eta pintxoekin lan egiten dugunontzat abantaila da. Arropak usainik ere ez du hartzen.

Imanol, erretzailea 

Erretzailea izan arren, hartutako erabakia ona dela irudi­tzen zait. 64 urte daramazkit erretzen eta nire egunerokotasunean zerbait aldatu den arren, ez dit askorik eragin. Gutxixeago erretzea, hori bai. Lehenago gehiago errea naiz, baina azken urteetan, egunean 10 bat zigarro erre­tzen nituen eta orain 8 bat erretzen ditut. Gehiago neurtzen duzu, noiz erre, baina besterik ez, nire kasuan.

Mª Anjeles eta Gotzone, ez erretzaileak

Gotzone: Ez dut erretzen eta pozik nago erabakiarekin. Erretzen ez baduzu ere, ondoko kea barneratzea oso kaltegarria da eta orain pintxoetan kerik ere ez dago...
Erretzaileen lekuan jartzen naiz eta gogorra izan behar du beraientzat zeinbait momentutan, museko partidetan eta jatetxeetan esaterako, baina legearekin konforme dauden erretzaile asko ere badago. Erabakia ona dela irudi­tzen zait. Eta tabernetakoa gauza bat da, baina frontoietan ere ezin da erre. Hori bai izango dela zaila.
Mª Anjeles: Nik ez dut erretzen eta ez zait gustatzen erre­tzea, baina amorrazioa inposizioak ematen dit.
Gotzone: Ez erretzeko, hemen benetan egin beharko litzatekeena tabakalerak ixtea da, baina hori ez zaio komeni Estatuari, negozioa eta dirua baitago tartean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!