Hamaikabat alderdiak, Kronikara bidalitako prentsa oharrean jakinarazi du Gobernu Taldeak aurkeztutako 2011ko aurrekontuei osoko zuzenketa aurkeztu diela, Udalaren egungo eta etorkizuneko egoera ekonomikoaz kezkatuta dagoelako. Kezka hori, honako arrazoietan oinarritzen dela dio: «Gastu arrunta gehiegi igoko da. %9 igoko da; zehazki, 858.184 euro. Aurrezki garbia ia desagertu egingo da: 173.301 euro aurreztea bakarrik lortuko litzateke. Baina argi uzten dute aurrekontu hauek, Atez Atekoari bakarrik zuzendutakoak direla. Atez Atekoak, kapritxo horrek, 898.152 euroko defizita eragingo du. Gobernu Talde honek kezkatzeko moduko herentzia utziko du. Atez Atekoak Udaleko kontuetan eragiten duen zuloa ikusita ere, ez da adorerik izan autofinantziazio maila antzekoa mantentzeko. Hondakinen tasa %2 igoko da, zerbitzuaren defizita %200 igo denean. Eta kezkatuta gaude etorkizunarekin. Ekonomia indartzen pixkanaka joango dela aurreikusten da eta Diputazioaren ekarpena oso txikia izango da datozen urteetan. Beraz, Udal honek etorkizun benetan zaila dauka aurretik». Horiek horrela, aurkeztutako proiektua atzera botatzea eta berri bat egitea eskatzen du, «arduratsuagoa eta zuhurragoa».