HERNANIKO Prebentzio Zerbitzuak alkohola, tabakoa eta kanabisaren kontsumoa gora dijoala eta gero eta lehenago hasten direla jakinarazi du. Egoerak hausnarketa bat behar zuela kontuan izanda, Udalak bi kanpaina jarri zituen martxan: bat ostalari eta tabernariekin, eta bestea herritarrekin. Urte bukaeran, hain zuzen, gurasoekin topaketak egin zituzten Biteri kultur etxean. Etxean 12 eta 18 urte bitarteko gazteak zituzten 25 gurasorekin elkartu ziren, seme-alaben heziketan sortzen diren kezka, zailtasun, droga kontsumo eta abar argitu, bideratu eta elkarbanatze aldera. Udaleko Osasun eta Ongintzarako Patronatuak azaldu duenez, oso gustura daude, partaidetza eta elkarlana primerakoa izan delako: «Oso aberasgarria izan da, interesgarria eta atsegina. Ekintza honekin, etorkizuneko ekintzetako ateak zabalik utzi ditugu». Aipatutako 25 gurasoekin lau saio egin dituzte, eta kanpainako lau gai garrantzitsuenak saioka banatu dituzte.
Lehenengo saioa,
nerabezaroa eta familia aldaketaren ingurukoa
Gurasoekin egindako aurreneko saioan, nerabezaroek famili osoarengan sortzen duten aldaketari buruz aritu ziren. Prebentzio sailak adierazi duenez, adin horretan, gazteak familiei lotuta egotetik beste talde edo pertsona batean zentratzera pasatzen dira: «nerabeak kultura, moda eta ohitura, balore eta bizimodu propioak izatera pasatzen dira». Azaldu dutenez, kasu hauetan garrantzitsuena da famili kideen berdintasuna bultzatzea, hau da, afektuan, errespetuan eta konfiantzan oinarritutako harremanak sortzea: «hemen, nerabeen paradoxa bat sortu liteke: alde batetik, gurasoengandik desidentifikatu beharra daukate, heldu identifikazioa eraiki ahal izateko; baina bestetik, bere nortasuna eraikitzeko, gurasoekiko mendekotasuna beharrezkoa dute».
Familiaren komunikazioa landu zuten bigarren saioan
Guraso eta nerabeen arteko komunikazioa ez da erreza izaten, gai batzuk ezerosoak edo zailagoak bihurtzen direlako. Bigarren saio honetan azaldu zutenez, gurasoek kontuan izan behar dute gauzak zeinek esaten dituen, nola esaten dituen, zein doinurekin eta zein lekutan: «Azken aldian hitz egin al duzu seme-alabekin? Lagunekin duten harremanaz, tabakoaz, alkoholaz, musikaz, bere bikoteaz... Seme-alabekiko komunikazioa hobetzeko iniziatiba hartu beharra dago. Gutxieneko komunikazio errutinak ezarri behar dira, hitz egiteko espazio eta uneak bilatu behar dira».
Arauak eta mugak nola jarri behar diren ere aztertu zuten hirugarren saioan
Seme-alabei arau eta jarraibide argi eta koherenteak jartzea ezinbestekoa da, diziplina positiboa da. Baina hauek nola jarri? Hori aztertu zuten gurasoekin egindako hirugarren saioan. Azaldu zutenez, seme-alabei garbi utzi behar zaie hasieratik beraiengandik zer espero den, eta zer onartu daitekeen eta zer ez; eta baita honek izan ditzakeen ondorioak ere: «bai zigorrak eta bai jarrera positiboak adierazi behar zaizkie, beti ere, adina, araua eta mugaren arabera. Beraien jokaerak gainbegiratu eta egiaztatu behar dira: etxean, eskolan, kalean, lagunekin... Erabakiak elkarrekin hartu eta konpartitu behar dira. Hori eginez gero, seme-alabekiko harremana atseginagoa izango da».
Zein jarrera behar du
familiak drogen inguruan?
Laugarren saioan, familiak drogen aurrean izan behar duen jarrerari buruz aritu ziren. Prebentzio sailak dioenez, gazteei, droga kontsumoekiko familiak duen gaitzespena erakutsi behar zaie, eta gurasoek ereduzko jokabide eta jarrerak izan behar dituzte: «gaia suertatzen denean, aprobetxatu eta horretaz hitz egin behar da. Nik alkohola edaten badut nola konbentzitu sem-alabak ez egiteko? Eta noizbait porroak erre ditudan galdetzen badidate? Kontraesan hau zaila da, baina egia esatea ona da, beti ere adin eta esperientziara egokituta. Euren iritziak ere adi entzun eta errespetatu behar dira, eta gustokoak ez ditugun gauzak entzuteko prest egon behar dugu, elkarrizketa izan behar duena galdeketa bat bihurtu gabe. Horrela, edozein gauzei buruz hitz egin dezakegula erakutsiko diegu, eta horrek eragina izango du euren jokaeran».