Igandean, agerpen publikoa egingo dute hainbat herritarrek «hondakinen gaian hilabeteotan herriak egin dituen aurrerapen nabarmenak aldarrikatzeko», eta Hernanin Zero Zabor taldeak deialdia egin die herritarrei azaltzeko. Azaldu dutenez, bilera laburra izango da. Bildutakoekin argazkia osatzeaz gain, agiri bat irakurriko da euskeraz Eskuz esku, atez ate: ondo ari gara dioena eta gazteleraz Mano con mano, puerta a puerta: lo estamos haciendo bien. Bilkura 12:30etan da, Plazan.
«10 hilabeteotan sekulako pausoa eman dugu»
HZZkoek diotenez, «hamar hilabeteotan sekulako pausoa eman dugu Hernanin gure hondakinak tratatzeko moduan, gure kondarren hiru laurdenak zabortegira bidaltzetik %80 baino gehiago ondo bereizita eta birziklatzeko moduan biltzera pasatu gara. Gainera, 700 familia baino gehiagok, konposta egiten du. Badakigu badaudela gauzak hobetu beharrekoak, baina egin den bidea izugarri inportantea da. Hernaniarrok dagoeneko ez daukagu errauste planta beharrik».
Gaineratu dutenez, bilkura honekin mezu bat ere bidali nahi dute: «Hernaniren izen ona zikindu nahian dabiltzan komunikabide haundiei, zaborretan nagozioa duten enpresa haundiei eta horien interesak defenditzen dituzten politikoei, eskatu nahi diegu errespeto haundiagoz tratatzeko Hernani. Beste aldetik, oraindik bilketa ondo egin nahi ezik dabiltzan herritar bakanei eskatuko diegu uzteko alde batera beren egoskorkeria».
Eta nabarmendu dute euren mezua baikorra eta alaia dela: «Atez Atekoarekin ez dago galtzailerik, denok irabazi dugu, dirutan, ingurumenaren kalitatean eta denon osasunean. Horrela segitu behar dugu, oker dauden gauzak zuzenduz eta gauzak gero eta hobeto eginez. Ondo ari gara».