Kontrakantxan sekulako kontzertua izango da gaur, 22:30etatik aurrera. Hesian eta Sindrome de Parker taldeak ariko dira, batez ere punk-rock estiloko bi talde. Hesian taldea izen haundia ari da hartzen, eta gaur bi lan berri dakarzki: ekainean kaleratu duten diskoa, Borrokatu eta Irabazi; eta labetik atera berri duten abestia, Bihotzetik Mundura, Boiseko (Idaho, AEBak) ikastolarako egin dutena. Sindrome de Parker talde hernaniarrak pauso bat gehiago eman nahi du, musika aretoetan pixkanaka irabazten ari den terrenoan.
‘Borrokatu eta Irabazi’,
taldearen islada
Hesian taldeak gero eta jarraitzaile gehiago ditu. Gogor lan eginda lortu dute dauden tokian egotea, eta gaur indarberrituta datoz, disko berriarekin, aldaketa garai baten ondoren. Horren islada da, diskoaren izena bera, Borrokatu eta Irabazi, hamaika abestiko lana.
Horrez gain, kanta berri-berria ere badakarkite, Bihotzetik Mundura izenekoa, interneten 2.500 sarrera inguru izan dituena dagoeneko, eta Boiseko ikastolak eskatuta egindakoa. «Gogo haundiz egin ere», dio Xabier Larrainzar taldeko gitarrajoleak. Larrainzar Iruñakoa da, eta Hernanin bizi da azken bi urteetan. Berak dioenez, taldea ilusioz gainezka dago azken aldian, eta Hernanin jotzea ere berezia da beraientzat: «Hernanin jotzeko ilusioz gaude; ni, pertsonalki, hemen etxean sentitzen naizelako; eta taldearentzat ere berezia da, eskualde honetan, oso ondo konektatu dugulako. Gogoan dugu 2009an Hernanin egin genuen kontzertua; ederra izan zen, eta espero dugu, gaur ere orduko giroa izatea».
Zortzi kide dira taldean, denak nafarrak, eta ia denak Sakanakoak. Punk-a jotzen dute, melodia askorekin, eta bi ahotsetara egiten dituzten duoek ikutu berezia ematen diote. Hiru haize instrumentu ere badituzte, tronboia, tronpeta eta saxoa... dantza zaleentzat, koktel ezin hobea!
Sindrome de Parker, lau hernaniar, estilo pertsonala
Hernaniko taldea da Sindrome de Parker. Rock mundua betitik bizitu dute, baina taldea iaz egin zuten, 30 urte zituztela. Oso gusto definitua du laukote honek, eta hortik, ezagun egin dituen rock estilo hain pertsonala. 2009an jo zuten Zikuñagan lehen aldiz, eta pixkanaka, musika aretoetan lekua egiten ari dira.
HESIAN: Sakana, 2006
Punk musika egiten dute, dezente melodikoa, eta dantzarako egokia. Bereizgarriak: Emakumezko eta gizonezko ahotsak duoan aritzen dira kanta guztietan. Hiru haize instrumentu erantsi dizkiote betiko gitarra, bateria eta baxuari: tronboia, tronpeta eta saxoa.
Hiru disko kaleratu dituzte:
Maite dugu (2007);
Herriaren Oihua (2008); eta
Borrokatu eta Irabazi (2010).
Hurrengo kontzertuak:
- Urtarrilak 12, Txantrea.
- Urtarrilak 28, Tolosa.
- Otsailak 19, Gernika.
SINDROME DE PARKER: Hernani, 2009. Laukote hernaniar hau 30 urterekin hasi zen rock munduan. Beti gustatu izan zaiena egiten dute, eta oso estilo berezia dute. Kanta ezagunenak: Tu reclamo, No te vayas...